Askotan, gaur egungo kontuak baino hobeto gogoratzen ditut umetakoak. Hiru eta lau urte nituenekoak ere bai, baina baita bi urte nituenekoak ere. Haurtzarokoak. Garai hartan oso umea izanagatik, nola ahaztuko zait, ba, gure etxean behin desagertzen ikusi nuen kamioi haren pasaera? Herrira biderik ez zegoen orduan, ezta Alkizara ere. Orduko bidexkak atxurrarekin egiten zituzten herritarrek, ahal zuten moduan. Gure aita zenak nahiz osabek basoa ateratzen egiten zuten lan; zuhaitzak zerrarekin moztu –motozerrarik ez baitzegoen orduan–, eta menditik herrira jaisten zuten egurra, gero berriz ere zuhaitz berriak aldatzeko. Era berean, zerratutako enbor haietatik geratzen ziren zatiekin ikatza egiten zuten mendian bertan. Inguruan beste asko bezala, ikazkinak ziren gure aurrekoak ere.
Nire lehenengo oroitzapena bi urte nituenekoa da, herri biderik ez zen garaian kamioi bat gure etxe azpitik pasatu zenekoa, hain zuzen. Bai, bi urte nituela pasatu zen azkenekoz kamioi hura. Gerora egin genuen bidea guk etxearen gainaldetik, baina aurretik, azpialdetik zegoen bide estu bat. Kamioi hura aita zenak eta osabek ekarri zuten etxera basoa ateratzen laguntzeko. Asto bidean barrena ekarri zuten kamioia, pasako bazen, batzuetan bidea zabalduz ere bai. Herriko jende heldu askok esan izan dit biderik ez zen garaian, nola ekarri zuten kamioi hura Larraulera etxekoek eta nola aritzen ziren basoan lanean. Kamioi xelebrea zen, gerran ibilitakoa; horretaz ondo gogoratzen naiz.
Gure etxearen azpitik azkenekoz 1958an pasatu zenean –maiatza zela esango nuke–, ederki gogoratzen dut eguraldi ederra egiten zuela. Goizean ama zenak esan zidan: -Eguraldi ederra zegok eta jaiki beharko dek! Jaiki, gosaldu eta kanpora atera nintzenean desagertu zen kamioia. Kamioiak egiten zuen soinua gogoan dut oraindik ere eta baita, ukuiluko leihoaren ondoan txapa batekin soinu hura errepikatu nahian nola ibili nintzen ere.
Ez dakit hortik aurrera zer pasatu zen kamioiarekin. Agian berriz ere ekarriko zuten beste momenturen batean, baina nik egun hartan ikusi nuen azkenekoz eta ez zait sekula ahaztuko irudi hura. Kamioi haren argazki bat izatea gustatuko litzaidake, baina nork zuen orduan argazki kamera!