Astean meza bat ematen zen normalki Larraulen eta igandean, bi meza: goizean goiz bata eta eguerdian bestea. Urtean bi egunetan hiru meza izaten ziren, horietako egun bat Gorputz eguna zen. Igandetan arratsaldero bezperak izaten ziren eta hara joatera behartuta geunden monagilloak, apaizekin eta gurasoekin batera. Monagillo nintzela, zenbat ardo goxo edan ote nuen galdetu izan dit batek baino gehiagok. Baina ez nuen probatu, niretzat sakratua baitzen orduan.
Ni hamasei bat urte arte aritu nintzen monagillotzan. Eskolako urteetan, hamahiru urte bitarte, egunero joaten nintzen zortzi urte bete nituenez geroztik.
Apaizaren aldetik oso kontrolatuta geunden. Eskolatik atera eta etxera joan behar izaten genuen; egurra ematen baitzigun bestela apaizak. Elizako giltza handiarekin txistu egin eta etxera joaten ez baginen, hurrengo egunean belarriak ederki astinduko zizkigun. Gu txintxo-txintxo etxera, noski. Gauza on bat ere izan genuen: Gu euskaraz jaio ginen eta ez genekien erdara zer zen ere. Eskolara ikastera joan eta nola ikasiko genuen, erdaraz ez genekien eta? Dotrina astean hiruzpalau aldiz ematen genuen eta baita asteburuetan ere. Beste ikasgaiak ez bezala dotrina euskaraz erakusten zigun apaizak, mezak latinez eman arren. Kaltea bai baina ona ere bai, beraz.
Monagillo bezala lan ezberdinak egin behar izaten genituen. Meza bakoitzaren bukaeran zapia garbitu eta ondo gorde behar izaten genuen hurrengo elizkizunerako. Izan ere, apaizak aldarean zapi txuri bat izaten zuen, kopa eta ostia edukitzeko. Meza bukatzen zenean zapia koparen gainean hartuta, sakristiara eramaten zuen apaizak bi dobletan tolestuta. Sakristiara eramandakoan, kopa garbituta jaso ondoren, zapia askatu eta sinesmenez garbitu behar izaten genuen, tolestatuta txukun-txukun koparen gainean jaso aurretik. Nik monagillo bezala ikasi egin nuen baina sufritu ere bai, gure txintxarriekin atzera eta aurrera.
Urte horiek guztiak eta gero, pena bakarra daukat: organoa jotzen ez ikasi izana. Apaizak organoa jotzen erakutsiko zidala esaten zidan baina, etxean ere lana izaten zen eta hara ere joan egin behar zen. Asko gustatzen zait organoa eta gaur ere, hiletaren batera joaten naizenean, organoaren ondoan jartzen naiz beti. Ez nuen sekula musikarik ikasi baina organo xahar bat jarri nuen etxean.
Gaztetan sinesmena galdu nuenez geroztik ere sartu izan naiz elizetara baina, nolako elizkizunak egiten dituzten ikusteaz gain, barruak nahiz egindako lana ikustea gustatzen zaidalako. Denetariko apaizak daude, bi muturretakoak. Onak badaude baina okerrak ere bai. Oker-okerrenak familiak izorratzeraino ere iritsi dira sinesmena edo fedea zabaldu behar horretan.
Aste Santuak ailegatu eta bi karraka zeuden Larraulgo elizan: handia bat eta txikia bestea. Handia motela zen eta Ostegun Santu egunean erabiltzen zen. Txintxarri txikiak ere baziren elizan, Larraulgoa bostekoa zen. Larraulgo elizako lapurrik handiena apaiz bat izan zen. Eliza ostu egin zuen: han zeuden kristalezko lanpara izugarri ederrak, aldarean zeuden eserlekuak, sagrarioa, santuak…, dena eraman egin zuen eta obra egin behar zenean baserritarrei eskatu zien dirua.