Larraulgo elizan margotutako horma azaldu zenean, aldarea aurreratzea egokitu zen eta lan haietan ari zen eraikitzaileak hura guztia polit jartzeko eskailerak falta zirela esan zidan.
-Eskailerak? Hementxe azpian dauzkazu, esan nion nik.
-Baina nola? Inork ez du horrelakorik ezagutzen hemen, erantzun zidan.
-Bada, nik badakit eta adinekoek ere badakite harri beltzeko hiru eskailera maila daudela hemen, lur-azpian gordeta.
-Ez da posible.
-Ea, arakatu eta esango didazu gero…
Lur-azpia arakatu ondorenean hantxe azaldu ziren eskailerak eta ostera, lur azpitik gora atera zituzten. Eskailerak aldarearen alde batetik besteraino luzatzen dira eta orain, denak ez badira ere, agerian daude gehienak.
Eskailera horiek Jose Pablo Jauregi Apaolaza gure birraitonarekin lotura zuzena izan dezaketela iruditzen zait, berak egin baitzuen sakristia, elizako iturria eta baita kanpoan ur bedeinkatuarentzat dagoen ontzia ere. Azken biak, eskailerak bezala, harri beltzarekin eginda daude, eta nire ustez, seguruenik, pertsona berak egingo zituen lan horiek guztiak. Gainera, hemen inguruan harri beltza baldin bada; Amasan aurki daiteke, gertutik gertura. Birraitona hargina zen, koruaren arkua ere berak egin zuen eta eskailerak ere bere lana izango zirela esango nuke.
Elizatik kanpoko Larraulgo lehen hilerria ere birraitonak egin zuen eta bertan berarentzat nahiz familiarentzat panteoia eraiki zuen. Kasu horretan ez zuen harri beltza erabili. Hasieran elizaren barruan egiten zituzten hilerriak, gero eliz atarira atera zituzten eta geroago, eliz ataritik herrira aldatu zituzten.
Iraganean, egunero izaten zen meza Larraulgo elizan, egunero. Monagillo nintzenean egunero joaten nintzen elizara goizeko 06:00etan edo 07:00etan, uda edo negua izan. Baziren egunak elizan inor izaten ez zena baina, inor joaten ez zenean, ez zen mezarik izaten. Apaizak errezo labur bat egin eta joan egiten ginen. Apaizak arreba etxean izaten zuen eta halakoetan txokolatea prestatzen zigun. Gaileta batzuekin txokolatea hartuz pasatzen genuen mezetan egon behar genuen denbora. Handik etxera.
2009ko urtarrilaren 23a