Mugarriek zer esan handia zuten iraganean eta halaxe dute gaur egun ere. Baserritar askok eta askok, ordea, ez dakite non dauden. Baserritik kanpoko terrenoen jabe direla esaten duten baserritarrak asko dira, baina mugarriak non dauden jakin gabe.
Mugarri mota asko dago: herrikoak, sailekoak, baserrikoak… Azken batean, mugarria izan daiteke baita etxe bat bera ere.
Herri mugarriak oso garrantzitsuak ziren bere garaian. Herriko nagusiak zirenak urtero pasatzen ziren mugarriz mugarri, aldatu egin ote ziren edo berdin mantentzen ote ziren ikustera. Aldameneko herrikoak ere jeneralean errepasoa egitera joaten ziren. Azagia izeneko zuloak ere tartekatzen ziren, baina harrizkoak izaten ziren antzinako mugarri ia guztiak. Mugarriak bi herriren hasiera adierazten bazuen, Larraulen aldeak L eta Alkizarenak A markatuko zuen harriaren bi aldeetan. Gainerakoan, harriaren gainean gurutze bat ere askotan azaltzen zen. Harririk ez zegoen garaian, harkaitzaren gainean gurutzea edo zuloa agertzen zen.
Urte asko daramat herri mugarriak nire kabuz aztertzen eta ondorio batzuetara ailegatu naiz: Batetik, herri mugarri batetik bestera aurrekoa ikusi egiten dela uste dut. Izan daiteke 500 metro, 200 metro edo 3 kilometroko aldea, baina gehienean, puntatik puntara ikusi egiten da. Bestalde, herriko jauntxoa (alkatea edo zinegotzia) izateko, herri mugarriak non zeuden jakin behar zituen aurretik, bestela hark ez zuen postu hori betetzeko balio. Gaurko zenbat alkatek daki non dauden herri mugarriak? Alderdiei begiratu gabe, alkate askori esango nieke bere herria defendatu behar duela baina, punta batetik bestera; herria ez baita plazaren buelta bakarrik. Terrenoak mendi puntaraino luzatzen dira gehienetan, eta hura ere, herria da.
Larraulen herri mugarriak, esaterako, Irumugarrietan daude. Errezilekin, Albizturrekin eta Alkizarekin egiten du muga Larraulek.
Mugarri asko galdu da gaur egun baina, Alkiza nahiz Asteasu aldetik aurkitu ditut batzuk. Bere garaian, urteroko azterketa egin eta gero, bakoitza bere izenarekin, idatzita uzten zuten mugarri bakoitzaren berri. Datu horiek oinarri hartuta ibili naiz bila eta aurkitu ere egin ditut batzuk. Kasu batzuk nola dauden ez dago sinesterik. Mapak eginda dauden arren, gaizki eginda daude asko. Mugarririk ez badago, ezin da ezer demostratu.