KONTROL SOZIALIK EZ! Bideo-kamerak kendu!

Maiatzean herri sarreran jarri zituzten kameren aurkako kanpainari berrekin diogu, ekainean zehar lortutako babesarekin helburu beretan berretsiz: herriko sarrera-irteeretako bideo-kamerak kentzea eta eremu pribatuko kamerak zuzentzea.

Iragan maiatzean, inongo abisurik eman gabe, bideo-kamera batzuk jarri zituzten Andoaingo herri sarrera ezberdinetan. Hau salatzeko asmoarekin, Kontseilu Sozialista Buruntzaldeatik kanpaina bat jarri genuen martxan Gazte Koordinadora Sozialistako kideekin batera. Jarritako bideo-kamerekin, segurtasunaren aitzakipean, kontrol soziala aregotu eta herritarren mugimendu oro kontrolpean edukitzea lortzen dute, mugimendu askatasuna urratzen dutelarik.

Arazo hau ezin dugu modu isolatuan ulertu. Krisi garaian, Estatuak geroz eta izaera autoritariagoa izaten ari diren garai honetan, kontrol sozialerako mekanismoak areagotzen ari dira. Interes jakin batzuk defendatzeko gure bizitzen gaineko monitarizazioa areagotzen duten mekanismoak dira hauek, langileriaren eskubide eta askatasun politikoak mugatzen dituztenak. Horregatik, ezinbestekoa zaigu kontrol mekanismo horiek borrokatzea; herrian kasu, bideo-kameren bidez datorkigu interbentzio hau.

Ekaina hasieran, sinadura bilketa jarri genuen martxan, 1.115 andoaindarren atxikipena lortuta. Babes honetan berresturik, kameren kontrako salaketari jarraipena ematea erabaki dugu, gure aldarrikapenekin nahikoa babes lortu dugulakoan. Oraingo honetan, udalari exijitzen diogu herri honetan jarritako kamerak kendu eta eremu pribatuko kamerak zuzendu ditzala. Horretarako, dinamika berri bat abiaraziko dugu, eta gonbita egiten diogu Andoaingo herritarrei borroka prozesu honetan parte hartzera. 

Datorren egunetan ekimen gehiagoren berri emango dugu.

ANTOLATU ASKATASUN POLITIKOEN DEFENTSAN!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!