Horregatik, Kontseilu Sozialista Buruntzaldearen Langile Autodefentsa Saretik lan eremuko biolentzien aurkako kanpainaren bitartez auzian sakontzen jarraituko dugu. Fenomeno honen inguruan hausnartu, izaera definitu eta modu eraginkorrean borrokatzeko tresnak sortzeko asmoz.
Lan istripuak, heriotzak... ez dira kasualitatez ematen diren gertakari isolatuak. Esplotazio kate baten azken katebegia dira. Eta biolentzia mota ezberdinek dakartzaten ondorioak ere kontaezinak dira: estresagatiko bajak, bizi kalitatearen galera, lesio fisikoengatiko desgaitasunak, produktu ezberdinengatik lan egiteak sortzen dituen gaixotasun eta heriotzak... Horrekin nahikoa ez, eta lanak ez ezik langabeziak ere ondorio aski negatiboak ditu langile klasearengan.
Gaur egungo gizarte kapitalistan adar progresistenek ere lana pertsonaren baliozkotasunaren erdigunean jartzen duten honetan, beharrezkoa ikusten dugu beronek sisteman duen funtzioa aztertzea, langileriaren boteretzerantz egiten ari gaben etengabeko bidean. Ez ditugu langile klasearen esplotazioan oinarritutako lan erlazioak onartuko, eta estrategia sozialistaren baitan gainditzeko beharrezkoak diren tresna eta jakintzak garatzen jarraituko dugu.
Beraz, dei egin nahi diogu egoera honetan aurkitzen den edota langileekiko jazarpenaren aurka lan egin nahi duen edonori kanpaina honetan parte har dezan, elkartasunez soilik lortuko baitugu langileriaren interesak lehen lerrora ekarri eta berauen defentsarako beharrezko diren bitartekoak eskuratzea. Adi hurrengo deialdiei!