Abenduak 24an andoaindarrok amnistiaren aldeko aldarria kaleetara aterako dugu

Indarrean den gizarte-eredua mantentzeko ezinbesteko bitartekoa da errepresioa. Hala, eguneroko ogia da bai proletalgoarentzat baita gizarte-eredu hau irauli nahi duen ororentzat ere. Horixe da errepresioak klase-borrokaren baitan jokatzen duen funtzio nagusia: egungo ordena soziala bermatu eta burgesiaren nagusitasun historikoa betikotzea.

Errepresioa, forma zein intentsitate desberdinetan ageri izan da historian zehar. Egungo krisi testuinguruari so eginez, aipatzekoak dira azken bi urteetan osasun-krisiaren aitzakiapean eman diren eskubide urraketak, areagotu diren jazarpen-polizial kasuak edota    bizitzen ari garen kontrol sozialaren gorakada. 
 
Halaber, espetxea da sistema kapitalistak duen errepresio-forma krudelenetariko bat, eta horren erakusle bortitzenak dira, adibidez, 2020an zehar Euskal Herriko espetxeetan eraildako 11 presoak. Zer esanik ez dago, era berean, osasun-krisiak presoen eta gertukoen egoera are gehiago zaildu duela. Hala, instituzio honekin amaitzea ezinbesteko betebeharra izango da klase bereizketan oinarritutako gizartea eta haren zapalkuntza guztiak gainditu nahi dituenarentzat. 
 
Honen aurrean, amnistiaren aldeko aldarrian berresten gara, subordinazioari uko egin eta garaipen politikoa ezartzen baitu erdigunean. Hala, amnistiaren auzia ezin da behin-behineko gobernu neurri batera mugatu, ez eta egungo egoeren erresoluzio partzial batera ere. Botere erregimen kapitalista iraultzea da amnistiaren gauzapenerako aukera erreal bakarra.
 
Bien bitartean, errepresioa pairatzen ari diren guztiei eskua luzatzea eta duintasuna aitortzea dagokigu, eta nola ez, jendarte sozialista baten eraikuntzaren bidean ekarpena egitea.
 
Hori dela eta, abenduaren 24an, 18:30tan, Zumea plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzeko deia egiten dugu.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!