Kontseilu Sozialista Buruntzaldeak hitzordu honen harira plazaratutako oharra:
Egungo gizarte-eredua mantentzeko ezinbesteko bitartekoa da errepresioa. Hala, eguneroko ogia da proletalgoarentzat zein gizarte-eredu hau irauli nahi duen ororentzat ere. Horixe da errepresioak klase-borrokaren baitan jokatzen duen funtzio nagusia: egungo ordena soziala bermatu eta burgesiaren nagusitasun historikoa betikotzea.
Errepresioa, forma zein intentsitate desberdinetan ageri izan da historian zehar. Egungo krisi testuinguruari so eginez, adibidez, aipatzekoak dira azken bi urteetan osasun-krisiaren aitzakiapean eman diren eskubide urraketak, areagotu diren jazarpen- polizial kasuak edota bizitzen ari garen kontrol sozialaren gorakada.
Halaber, espetxea da sistema kapitalistak duen errepresio-forma krudelenetariko bat, eta horren erakusle bortitzenak dira, adibidez, 2020an zehar Euskal Herriko espetxeetan eraildako 11 presoak. Era berean, zer esanik ez dago osasun-krisiak presoen eta gertukoen egoera are zailagoa bilakatu duela. Hala, instituzio honekin amaitzea ezinbesteko betebeharra izango da klase bereizketan oinarritutako gizartea eta haren zapalkuntza guztiak gainditu nahi dituenarentzat.
Honen aurrean, amnistiaren aldeko aldarrian berresten gara, subordinazioari uko egin eta garaipen politikoa ezartzen baitu erdigunean. Hala, amnistiaren auzia ezin da behin-behineko gobernu neurri batera mugatu, ez eta egungo egoeren erresoluzio partzial batera ere. Botere erregimen kapitalista iraultzea da amnistiaren gauzapenerako aukera erreal bakarra.
Bien bitartean, errepresioa pairatzen ari diren guztiei eskua luzatzea eta duintasuna aitortzea dagokigu, eta nola ez, jendarte sozialista baten eraikuntzaren bidean ekarpena egitea.
Abenduaren 24an Zumea plazan ikusiko gara, arratsaldeko 18:30tan.