Egoerak hartu duen larritasun bereziak garamatza adierazpen hau publiko egitera. Izan ere, gertakari hauetako batzuk berriak ez izan arren, festen itzulerarekin eta Euskal Herriko testuinguru politikoaren eraginez modu nabarian intentsifikatzen ari dira. Gutariko askorentzat egoera jasangaitza bilakatu den honetan, gure buruak babesteko eta botariko akusazio eta gezurrak publikoki ezeztatzeko modu bakarra dugu ohar hau plazaratzea.
Irain eta jarrera oldarkorrei dagokienez, bai Santa Krutzetan eta bai San Juanetan jasandakoak salatu nahi ditugu, lehenengo kasuan txosnagunean eta bigarrenean Goiko Plazako kontzertuetan, batik bat. Azpimarragarria da EHBilduko hautetsi bat izatea gertaera horietako baten erantzule. Paradoxikoa da, kasu horretan, elkarbizitzaz, bakeaz eta aurkari politikoarekiko errespetuaz mintzo diren garaiotan gazte komuniston aurkako erasoak hauspotu eta gauzatzea. Gertaerak, ordea, ez dira festan zeuden kideetara soilik mugatzen. Momentu horietan lanean zebilen kide batek ere behin eta berriro irainak jasan behar izan zituen Ezker Abertzalearen inguruko kide baten partetik. Irain horien arrazoia langilearen hautu politikoa izan zen. Azkenik, gogor salatu nahi dugu eman diren kasu guztien artean Mugimendu Sozialistako kideen aurka ez ezik horien senideen aurkako kasuak ere izan direla azken asteetan zehar.
Zabaldutako akusazio eta gezurrei dagokienez, hainbat dira egunerokotasunean entzun behar ditugunak: matxistak, matoiak, sektarioak, espainolistak... Errealitatearen islada izatetik oso urrun, modu intentzionatuan sortu eta zabaldutako gezurrak dira. Ezker Abertzaleko arduradun politikoek eginiko deklarazioek (jarrera matxistak ditugula edota sektarioak garela, Otegiren hitzetan) edota Ernaik orain gutxi ateratako oharrak (biolentzia antolatuaren mantra zabalduz) bide ematen diete halako gezurrak hedatzeari eta militante sozialistak jo-puntuan jartzen gaituzte gure herrietan. Euskal Herri mailan zabaltzen ari diren gezurrez haratago, Andoaingo kasuan, gainera, harrigarria da herriko gazte zehatz batzuk GKSrekin lotzeko egiten ari diren saiakera. Loturarik egon ez arren, gazte horien eta GKSren irudi desitxuratu bat sortzea da helburua. Kasu honetan ere, aipatzekoa da besteak beste EHBilduko hautetsi bat izatea gezur horiek zabaltzen dabilena.
Gertaera guzti horiek Ezker Abertzalearen programa politikoarekin bat ez egin eta berau kritikatzearen ondorio dira. Egungo kideak intimidatu eta etorkizuneko balizko militanteak aldentzeko saiakera argi bat ikus daiteke mugimendu oso bat kriminalizatu, estigmatizatu eta sozialki baztertzen ahalegintzean.
Egoera kezkagarri honi irtenbide bat eman behar zaio lehenbailen. Hori horrela, irain, akusazio faltsu eta jarrera oldarkor ororekin amaitzea premiazkoa da. Gure aldetik, egiarekiko konpromezuan berretsi eta orain arte egin dugun bezala arrazoian eta errespetuan oinarrituriko elkarrizketen alde egingo dugu. Beste behin ere, argi utzi nahi dugu jarrera bera duen edozeinekin hitz egiteko prest gaudela, eta kontrara, erasorik emango balitz berau salatuko dugula.