Andoain zeharkatzen duen autobidea da N-1a. Egunero abiadura bizian bertatik igarotzen diren 70.000 ibilgailuek sortzen duten ezinegona nabarmena da herrian. Zarata, auto pilaketa, kutsadura eta gainerako “albo-kalte” deiturikoek jasanezina bihurtu dute Bazkardo eta Sorabilla zein Aita Larramendi ikastolako bizitza.
Azken urteetan alderdi politiko ezberdinek egoerari aterabidea eman nahian promesa ugari egin baldin badituzte ere, denok dakigu Andoaingo udalak ez duela ez borondate ez gaitasunik ere arazo horiei aterabide errealik emateko. Izan ere, N-1aren auzia eta baita Andoaingo plan urbanistikoarena ere interes orokorrago batzuen menpe daude. Industria eta negozio handiek behar dituzte garraioa ahal beste laburtzen dituzten halako azpiegiturak, beren irabaziak ez diren pertsona edo inguruari sortzen dieten kalteez axolarik izan gabe.
Esan bezala, ez dago alderdi politiko instituzional bat bera ere auzi horiei aurre egiteko gai dena beraz. Baina hori gutxi balitz, aurkari elektoralak kolpatzeko arma gisa erabiltzen ari dira hainbeste andoaindarri arazo erreal eta larriak suposatzen dizkien auzi hau. Argi ikusten dugu, berriz ere, guretzat benetako arazo diren horiek haientzat etekin politikoa ateratzeko balio duten egoerak bakarrik direla eta bost axola zaiela herriak zein behar dituen.
Hortaz, langileon behar errealak asetzeko ezgai diren alderdi eta instituzioen jarduna salatu nahi dugu. Baita horren aurka antolatzen ari diren elkarte eta eragileei gure babesa adierazi ere, haien eskakizunak babestearekin batera.
Ahoa promesa faltsuez betetzen duten horiei bizkarra eman eta gure eskubide zein askatasunak biderkatzeko antolatzen jarraitzeko hautuan berresten gara.