Argi dugu, ordea, etxegabetzeak berezkoak zaizkiola gizarte eredu kapitalistari, eta kapitalismoa gainditu artean ez dugula arazo honekin amaituko. Dena den, etxegabetzerik gabeko gizarte baten eraikuntzarako baldintzak gaurdanik borrokatu behar ditugu, eta horrek hainbat zeregin jartzen dizkigu begien parean:
- Etxegabetze mota guztiei aurre egin. Etxegabetze prozesuaren parte gisa ulertzen ditugu proletalgoa bere etxetik alde egitera behartzeko ekintza guztiak, etxejabe handi zein txikiek gauzatzen dituztenak, eta horien guztien aurka borrokatu behar dugu.
- Klase jabedunen ideologiarekin hautsi. Etxebizitza “irabazi beharreko zerbait” bezala aurkezten da gizarte honetan, eta klase jabedunen ideologia honek etxegabetzeen erroa ezkutatzen du: proletalgoak etxebizitzarako sarbidean dituen zailtasunak.
- Kalitatezko etxebizitza-alternatibak bermatu irabaziaren kontura. Instituzioen miseriazko alternatiben aurrean, kalitatezko etxebizitza-alternatibak bermatu behar direla defendatzen dugu. Biztanleria guztiarentzako etxebizitza bermatzeko nahikoa baliabide dago, baina kapitalisten eskuetan daude.
- Eskubide politikoak defendatu. Proletalgoaren antolakuntza politikoa da eskubide politikoak defendatu eta hedatzeko berme bakarra, azken urteotan ikusten ari garen etxejabe, epaitegi eta polizien inpunitatea handitzearen eta etxegabetze estrajudizialen normalizazioaren aurrean.
Etxea galtzeko arriskuan dagoen zein borroka honetan parte hartu nahi duen pertsona orori antolakuntzarako deia zabaltzen diogu, antolakuntza eta borroka baitira eskubide politiko eta ekonomikoetan aurrera egiteko berme bakarra.
Buruntzaldean etxegabetua izateko arriskuan bazaude, jarri harremanetan gurekin:
Telefonoz edo whatsappez: 624 874 407
E-postaz: esindikatua.buruntzaldea@gmail.com
Sareen bidez: Twitter edo Instagram