Instituzioen alternatiba faltsuak salatzen aritu gara azkenaldian, kalean mobilizatu beharraren aldarria egiten, eta maiatzaren lehen honetan langile boterearen eraikuntza aldarrikatzera aterako gara kalera Bilbon. Enpresarien eta instituzioen aurrean langileriaren antolakuntza independientea garatzea ezinbestekoa dugu.
Langile klaseko kideon bizi-baldintzak okertzen ari dira etengabe, eskubide politikoen zein ekonomikoen esparruan. Genozidioa eta gerra munduaren egunerokoaren parte bilakatu dira. Palestinako herria errausten ari dira mendebaldeko politikarien zuzeneko edo zeharkako babesarekin. Eskala handiko gerra berri baten mehatxua ere presente daukate agintariek. Estatuen barne aparatuei dagokienez, kontrol soziala, errepresio politikoa eta langile klasearen aurkako jazarpenak geroz eta agerikoagoak dira. Zer esanik ez esparru ekonomikoari buruz: lan-baldintzen etengabeko okertzea, oinarrizko produktuen garestitzea edota etxebizitza eskuratzeko ezintasuna gure errealitatearen parte bilakatu dira.
Hori guztia alderdi instituzionalen zuzeneko parte hartzearekin daramate aurrera mendebaldeko oligarkiek. Instituzioak horretarako daude: mendebaldeko agintarien zein enpresarien mandatuak betearazteko. Baita politikaren ikuspegi kapitalista bat gailentzeko ere. Iruzur instituzionalaren aurrean, Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak kalera irteteko deia egiten du. Enpresari eta politikari profesionalen aurka. Militantziaren eta antolakuntza komunistaren alde. Gerra eta basakeriaren aurka, bizitzaren garestitzearen aurka. Estatu sozialistaren alde. Maiatzaren 1ean, Bilbora!
*Oharra: Andoaindik busa 11:00tan abiatuko da Makaldegitik.