Iraganean bezala, gaur ere, mugi dadin Igara.

Leitzaran eta Oria ibaiek bustiriko herria izanez, mendeetan zehar igara edo errotaz josita egon ziren Andoain eta bere inguruak. Irina eta burnia lantzen ziren, batik bat, eraikuntza haietan. Hala, uraren indarrarekin gogoz mugitzen ziren eraikin horiek andoaindarren egunerokoa erabat moldatu zuten. Egun ez, egun ez da ia errotarik zutik inguruan, eta dauden gutxiek, aztarna baliotsu bat izateaz gain, ez dute heuren sorrerako funtzioa betetzen.

Iraganeko igarak mugitzen ziren indarraz ireki zen Igara espazioa iazko abenduan. Urte luzez hutsik egon ostean, hamarnaka lagunen gaitasun kolektiboari esker espazio berri bat jaio zen Andoaingo erdigunean. Mugimenduan den espazio berri bat. Hainbat helbururekin jaio zen Igara: langileen berehalako beharrei erantzuteko bitartekoak garatzea, esplotazio eta zapalkuntza egoerak gainditzeko lanean diharduten proiektuei espazio bat ematea eta hori gorpuztuko duen komunitate bat ehuntzea.

 

Bertan gauzatutako ekimenak askotarikoak izan dira. Adibidez, lehen hilabeteetan, elkartasun bilketa ugari egin dira (ikasmaterialarena berriki, neguko manta eta arroparena urtarrilean, edota jostailuena gabonetan). Horiei esker, eskualdeko hainbat norbanakori behin-behineko laguntza txiki bat eman ahal izan zaie. Bestalde, berehalako erantzun horietatik haratago, langileon autoantolakuntza sustatzeko espazioek ere lekua izan dute Igaran. Horren adibide dira Etxebizitza Sindikatua eta Laneko Autodefentsa Sarea, esaterako. Hainbat pertsonei eman zaie etxebizitza zein lan arloko aholkularitza, eta etxejabe zein nagusien gehiegikeriei aurre egiteko baliabideek heuren fruituak eman dituzte.

 

Bestalde, kultura eta aisialdirako doako eskaintza emate aldera, proiekzio, hitzaldi edo bakarrizketa ugari egin dira. Aurtengoan, bide horri eutsiz, guztiontzat eskuragarri egongo den doako kirol eskaintza martxan jarriko da. Hori horrela, Pilates eta Muay Thai doako saioak eskainiko dira astero. Izena eman edo informazio gehiago jaso nahi izanez gero, 643 634 790 telefonora edo buruntzaldea@kontseilusozialista.eus helbidera idatzi besterik ez dago.

 

Igara espazio arrunt bat baino askoz gehiago da. Langile antolatuok erabilerarik gabeko espazio huts bat interes kolektiboen mesedetara jartzeko hautua da. Pobretze garaiotan, langileon bizi baldintzak modu antolatuan defendatzeko hautua. Elkar joka nahi gaituzten honetan, jarrera erreakzionario eta arrazistei aurre egingo dien komunitate bizi bat eratzeko hautua. Esaera zaharrak dioen bezala “urik gabe, igara ez dabil”, beraz, Andoaingo eta Buruntzaldeko herritar guztiei espazioan parte hartu, honi bizia eman eta heuren ekarpena egin dezaten eskua luzatzen diegu.

 

Iraganean bezala, gaur ere, mugi dadin Igara.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!