Ezin da onartu Gasteizera eskubide nazionalak zein sozialak ezeztatzera, frankismoari gorazarre egitera, euskara erasotzera, migranteak kriminalizatzera edo aniztasun sexuala ukatzera etorritakoak, horien aurka jardun zutenekin alderatzea.
Honekin batera, beharrezkoa da Ertzaintzaren ekinbidea zuritu izana salatzea. Zabaldutako irudietan Ertzaintza falangistekin batera kargatzen ikusten da, faxistek burdinezko barra eta makilekin gasteiztarrak mehatxatu eta kolpatzen zituzten bitartean. Amaierako emaitzak argi adierazten du polizia autonomikoaren eta horren arduradun politikoen interesa: 19 antifaxista atxilotu eta falangistarik ez.
Faxismoa gorroto eta biolentzia ideologia bat da: etorkinen, emakumeen, komunisten eta oro har langile klasearen aurkakoa. Azken urteetan nabarmen areagotzen eta normalizatzen ari da, eta igandekoa bezalako iniziatibak dira hori aurre egiteko formula indartsuenetako bat. Faxistei kaleak hartzen utziz gero beraien jarduna normalizatzen da, eta hori kosta ala kosta ekidin behar dugu.
Agerikoa da: ideia erreakzionario eta faxistak geroz eta indar handiagoa dute gizartean eta ezin da onartu hauen aurka borroka egiten duten pertsonen kriminalizazioa. Ezinbestekoa da ideia hauei kalean ere aurre egitea eta aurrerapausorik ematen ez uztea. Bide horretan, gakoa faxismoaren eta berau sortzen duen kapitalismoaren aurka egunerokoan antolatzen eta borrokatzen jarraitzea da.
Faxismoaren gorakadari aurre egin!