Blokeo inperialistaren aurrean, Kubarekin elkartasuna

Erabiltzailearen aurpegia Kontseilu Sozialista Buruntzaldea 2026ko apirilaren 24a

Kontseilu Sozialistatik Kubara bidaltzeko oinarrizko material bilketa egingo dugu IAS eta Euskadi-Kuba elkartearekin elkarlanean.

Kuba muturreko egoeran aurkitzen da AEBen blokeo kriminalagatik. Herrialde sozialista izanik, laguntza eta elkartasuna zabaldu du munduko hainbat tokitara. Orain, guri dagokigu elkartasuna antolatzea Kubako herriarekin eta Euskal Herriko langileria deitzen dugu bilketetan parte hartzera. 93 herritan jarriko ditugu bilkera puntuak apirilaren 25ean, eta beste hainbat hezigunetan egingo dira bilketak aurreko egunetan.

Hamarkadetan zehar jasan behar izan du Kubak AEBek ezarritako blokeoa, baina azkenaldian blokeo horretan sakondu nahi izan dute Trumpen politikek. Itzalaldiak eta erregaiaren eskasia ohiko errealitate bilakatu dira eta eguneroko bizitzaren arlo guztiak kaltetzen ari dira, horien artean, garraioa, elikagaiak zein ura eskuratzeko aukera, osasungintza eta hezkuntza.

Egoera honi aurre egiteko oinarrizko materiala jaso eta irlara bideratuko da, hain zuzen, material sanitarioa, higiene-materiala, garbitzeko materiala, elikadura-osagarriak zein elikagai ez-galkorrak, kirol-materiala eta ikas-materiala.

Elikagai ez-galkorrei dagokienez, latetan jasotako jakiak eta bestelakoak jasoko dira: pasta, lekaleak, esne-hautsa, fruitu lehorrak, olioa eta tomate brikak; beti ere 2027ko urtarriletik aurrera iraungiko direnak. Osagarriei dagokienez, bitaminak, mineralak (magnesioa, burdina, kaltzioa), gantz-azidoak (Omega 3) eta probiotikoak beharko lirateke.

Material sanitarioaren inguruko xehetasunak ere eman dituzte: 2027ko ekainetik aurrera iraungiko liratekeen medikamentuak bilduko dituzte, baita mota guztietako produktu sanitario zein tresna medikoak ere; tresneria eta baliabide kirurgikoak (pintzak, guraizeak, bisturiak, papera, hariak), eskularruak eta preserbatiboak, adibdiez.

Halaber, higienerako konpresak, tampaxak, toailatxoak eta pixoihalak (haurrentzat zein helduentzat) eskatu dituzte, baita garbiketa orokorrerako materiala ere: erratzak, fregonak, oihalak, trapuak, espartzuak, biberoien garbitzeileak eta abar.

Bestalde, kirola egiteko materiala ere bideratuko da Kubara, hain justu baloiak, pilotak, erraketak, bizikletak eta bestelako ekipamendua (kamisetak, galtza motzak, futbol-botak...). Eskolarako materiala jasoko da horrez gain: arkatzak, boligrafoak, margoak eta errotuladoreak, txorroskiloak, guraizeak, koadernoak... Ez da bilduko, ordea, testu-libururik edo entziklopediarik.

Andoain, Urnieta

Igara Espazioan egingo da bilketa apirilak 25ean 10:00tatik 14:00etara. Halaber, Leizaran Ikastetxean ere egingo da bilketa astean zehar, apirilaren 20tik 24ra. Era berean, Urnietan, bilketa Etxeberri plazan egingo da 11:00tatik 13:00tara.

Aiztondo

Villabonan, BMko plazan; Zizurkilen, plazan; eta Asteasun ere plazan egingo dira bilketak, 10:00tatik 14:00tara

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!