Carmen Ochoak eta David Beorlegik edizio lanak egin ostean La Oveja Negra argitaletxeak kaleratu duen liburuak, Carabanchel eta Segoviako presondegietan kartzelaldi luzea egin zuten sei antifrankistek elkarrekin egindako solasaldiak biltzen ditu. Horiek dira: Josu Ibargutxi eta Enrike Gesalaga (biak Donostiako ekitaldian presente), Chato Galante, Sabin Arana, Javier Armendariz, eta, Migel Gomez.
1977an aske geratu ziren seiak, eta geroztik, sasoi hartan gauzatu zen trantsizio politikoak frankismoaren krimenei eskaini zien inpunitatea salatzen segi izan dute. Buru belarri bultzatu izan dute Argentinako kereila, eta horietako bi, Galante eta Arana, justizia ezagutu gabe hil dira oraindik orain.
Aurkezpen ekitaldian, Josu Chuecak modu laburrean deskribatu zituen liburuak jorratzen dituen zenbait gai: “gazte idealista eta borrokalari haien hasierako politizazioa eta miltantzia, poliziek eragindako erorketak, harrapaketak eta torturak, kartzeletako bizimodua, kartzeldetako militantzia eta sistema errepresioaren eta diktaduraren aurkako borroka, bilakaera politiko-ideologikoa kartzelak suposatzen zuen eskolaren baitan…”. Ironia puntua erabiliz, adierazi zuen liburuaren aurkezpenerako lekuak (udal liburutegiaren azpian dagoen San Jeronimo kripta) badaukala sinbologia. “Gaur mahaikide dauzkadan bi horiek, Gesalaga eta Ibargutxi, Segoviako iheserako tunela eraikitzen aritu ziren, eta gaur, tunel haren tankera hartzen duen egoitzan bildu gara. Hori bai, gaur ez dugu topatuko arratoirik, eta argi gehiagorekin ariko gara, Segovian ez bezala. Hain zuzen, liburuak argitasun pittin bat eman beharko liguke gaur egun nagusitzen ari den zuri beltzeko kontakizun ofizial horren aurrean”.
David Beorlegi historialariak adierazi zuen seikoteak libururara eraman duen kontakizunak gutxi daukala mitikifikaziotik, exajeraziotik edo handikeritik. “Memoria kolektiboan sakontzen dute, baina gizabanako memoria ere egiten dute, humanitateaz josita, azken batean adiskidetasun historia bat ere kontatzen digute. Amerikarrak balira, honezkero Netflix bezalako plataformek begia bota zieten”.
Seikotetik, bi agertu ziren aurkezpenera, Josu Ibargutxi eta Enrike Gesalaga, eta horiek ere hizjario joria azaldu zuten, euren bizipen pertsonalak kontatzeko orduan.
Ondoren, ekitaldiko entzuleei parte-hartzeko gonbitea egin zitzaienean, solasaldi bizia sortu zen, garukortasunik galdu ez duten iraganeko hainbat ertzi helduta: hala nola, 1977ko Amnistia Lege “iruzurtia”, mugimendu antifrankistan gehien arriskatu zuten militanteek eta alderdiek gero lehen hausteskundeetan jasan zuten porrota, estatuan demokraziak frankismoari eta bere krimenei “eskaini dien zigorgabetasuna”…