Jauregiko belazean dagoen oroigarrian biktimen aldeko lore eskaintza egin dute, eta ekitaldian Agustin Valdivia alkateak eta elkarte antolatzaileko Jose Agustin Muguruzak hitza hartu dute, eta Joseba Tapiak bi abestiekin girotu du ekitaldia.
Muguruzak, bere hitzartzean, besteak beste, memoria historiko kritikoaren premia aldarrikatu du, eskuinak eta eskuin-muturrak batik bat azken urtetan abian jarri duen gerra-kulturalari aurre egiteko.
Hona ekitaldiaren hasieran irakurri duen idatzia:
“Duela 10 urte inguru, eskuinak eta eskuin-muturrak kanpaina bat hasi zuten, gerra-kultural izenez ezagutzen duguna, eta hedabide guztietan ikus dezakeguna gaur egun, baita Madrilgo Diputatuen Kongresuan ere, halakoa baita haren garrantzia. Gerra-kultural horren oinarrizko zati bat Memoria Historikoaren aurka zuzentzen zen, eta oraindik ere hala zuzentzen da.
Zergatik? Bada, funtsean, talde memorialistok eta, besteak beste, desagertuen, bortxatuen eta eraildakoen familiok, argitara ateratzen ari garelako egia, orain dela oso gutxira arte ofizialki ezkutatuta egon den egia. Elkarte eta familia horiek errelato ofizialetik at zegoen egia bat mahaigaineratu zuten instituzio publikoen aurrean, zeinak hamarkada luzez itsu eta gor egon diren. Egia hori milaka hobi komunen lokalizazioarekin, lapurreten testigantzekin eta bortxaketen kontakizunekin batera etorri zen.
Horiek, ordura arte Francoren aginduz Gerra Zibila deitu zitzaion kontakizunari egotzi zitzaizkion, halabeharrezko albo-kalte bat bailiran. Alabaina, ikerketek eta artxiboetatik askatzen ari diren dokumentuek, kontrakoa erakusten dute: hura, hain zuzen ere, garbiketa kanpaina bat izan zela. Errepublikano, nazionalista, sozialista edo besterik gabe, gure kultura, hizkuntza, folklore eta ohituren defendatzaile zirenen aurkako garbiketa, alegia.
Kanpaina basatia, inondik ere. Izan ere, gaur egun, 86 urte beranduago, oraindik ez dira ezagutzen eraildakoen eta desagertuen kopuru zehatzak, ezta sekula ez itzultzeko eta bizi-arriskuan erbesteratu ziren pertsonen zifrak ere.
Hala ere, gerra kulturalaren aspektu behinena jazo zenaren manipulazioa da: frankismoak gudu-zelaietatik kanpo exekutatu eta desagerrarazi zituen milaka eta milaka biktima errugabeen gainean ahanztura eta isiltasun geruza bat jaurtitzeko saiakera, alegia. Haien helburua biktimak hedabideetan ez agertzea da, biktimak ez gogoratzea. Horratx nondik datorkien parlamentu ezberdinetan onarturiko oroimen-historikoaren lege guztiak indargabetzeko obsesioa; hobi komunen lokalizazio-kanpainak geldiarazteko egoskorkeria; fusilatuen gorpuen erauzketari betoa jartzeko etengabeko saiakerak; edota, ustezko bake-garaietan, Europako erregimen odoltsuenaren errealitate basatia mahai gainean jartzen duen edozein ikerketa baimenen ukazioa eta ukapena.
Gaur, hain zuzen ere, hemen bildu zaituztegu haiek predikatzen dutenaren kontrakoa egiteko. Gaur, guztiak gogoratzeko gaude hemen, eta bost hamarkada baino gehiagotan jasandako eta jasanarazitako ahanztura berriro gertzeko”.