1.- Gauz ederra da egun sentian
lorea intzez bustia,
ondorenean besarkatzera
etortzen dan eguzkia.
Mundu au izango genduke guk
gozoa eta eztia;
beteko balitz pentsamentura
etorritzen da guztia.
2.- Adan da Eban utsegiteak
ondorena ekarri zun,
andik aurrera paradisoak
lengo bizitzarik etzun.
Geroztik emen darabizkigu
zazpi milla estuasun;
buruak galde egiñagatik
biotzak ezin erantzun.
3.- Sarri bizitza ikusten degu
ederra bezin sakona,
baiña urrea ez degu beti
urre kolorez dagona.
Hamaika bider nere kaxara
galdezka nago egona:
mundu onetan zeiñek ote dun
egiazko zoriona?
4.- Lorea palta dun ura legez,
joaten da lorategira,
berak daukaten usai gozoa
zabaltzen da urrutira.
Bizimoduak ez luke emango
ematen dun ainbat jira;
ikusten diran larros oriek
arantza gabe balira.
5.- Eraman eziña izan liteke
zenbait larrosen arantza,
gertatzen diranak ikusita
nik ematen diot antza.
Bukatzen dira lengo irripar,
ainbat laztan eta dantza;
sarritan irudikatzen degu
Adan eta Ebaren baratza.
6.- Deabruak ikusten zun Adan
da Eban zorion ura
da tentaketan azkar asi zan
gaur askotako modura;
debekatuta zegon sagarra
jateko artu ardura,
zorionetik pasa giñaden
zorigaitzaren lekura.
7.- Ez da makala Jaun zerukoak
ipiñi zigun zigorra,
jango bagendun izarditzea
degularik derriorra.
Aldi bat bigun izan liteke
beste aldia gogorra;
naiagatikan mundu onetan
ezin ordaindu dan zorra.
8.- Alper lana da gu jardutea
paradisoan eskean,
lan egiteko aukeraik bada
pozikan orrenbestean.
Itxaropena gauz ederra da,
ni nago orren ustean;
mundu onetan ezin dan ura
izango dala bestean.
9.- Gazte batek gaur izan lezake
zorionez milla toki,
sasoi ederra, nai ainbat diru,
nola jolastu badaki.
Baina uste ez dun zorigaitza
etor lezaioke aurki;
ala ez bada etorriko zaio
ez zalantzarik eduki.
10.- Auek dirade Adan da Eban
pekatuan ondorenak,
aitortutzeko lotsik ez degu
fede orretan gaudenak.
Da guretzako izango dira
naigabeak eta penak;
“Negarrezko baille” jarria zuen
Salbea jarri zuenak.
11.-Jaungoikoaren lege santuan
or daude amar agindu,
zuzen betetzen zailla daukagu
naiz orretan alegindu.
Itxaropenak hainbeste koska
nola lezazken berdindu;
baldin fedea galtzen badegu
jaunak, gureak egin du.
12.- Zorionaren argitasunak
erabat ziran itzaldu,
baiña Jainkoa errukitu zan
semea zigun bialdu;
Gurutz batean gugatik il zan,
zeruko ateak zabaldu,
sinismen hontan iraun dezagun
arren ez gaitezen galdu.