Albisu
1.- Ataungo seme Albisuk
sarri egiten du dir-dir.
Osatutzen da gizona eta
osatzen da pelotari.
Ona da baiño obeagoa
izanlitzake aldiz.
Jotzen dun pelota asko palta,
sarri izango ez balitz.
Zabaleta
2.- Naparroako Etxarrin jaio
da indartu zen luzea
atzelari bat nun billatu leike
Zabaleta baiño obea?
eta dabillen leku danetan
apala eta noblea.
Gure kirola edertzen duan
pelotari dotorea.
Elezkano II
3.- Txapelketa danetan agertzen da
uste gabeko izarra,
Elezkano bigarrena dala
degu aitortu bearra,
berez ezkerra degularikan
eskubia ez du txarra,
sakez orrela miatutzen du
ezker paretan baztarra.
Arteaga II
4.- Arteaga bigarrena degu
bere erria Lasarte
aita ere pelotaria zan
sasoia zeukan bitarte
orain semearen itxaropena
dauzka ogeita bi urte,
bere jokerak eta gogoak
zerbait esaten digute.
Erretegi bi
5.- Erretegi Bi pelotaria
gozua bezin apala
esan liteke binaka baiño
bakarka obea dala,
nungua eta zein degun berriz
denok jakitun gerala,
esaera zarra gogoratzen da,
enborretaik ezpala.
t
Biktor
6.- Errioja beti izan degu
pelotarien seaska.
Besteak beste, Barberito bat
aztutzea errez ezta,
orain Biktor agertu zaigu
sasoia dula gaiñezka,
dantzan egin nai dunikan bada
errez jotzen du orkesta.
Jaka
7.- Lizartzatikan seme bikaiña
or agertu zaigu Jaka.
Aurtengo ontan luzitu zaigu
binaka eta banaka,
bere ezkerrak duan kakua
zabalera edo zearka,
galduan eta irabazian
etxetik dakarren marka.
Laso
8.- Lasorengatik zer esan leike
oraindikan hogei urte?
Aren gerriak eta besoak
erreuma aiderik ez dute.
Jaun zerukoak eman dizkio
bear dun ainbat birtute,
penagarria litzake noski
okerrik baldin balute.
Artola
9.- Arte bat baino geiago ditun
gaztea sortu Alegin,
pelotan ondo egiten du-ta
bertso berrietan berdin.
Artolak ogeita lau urte dauzka
orrekin ez da atsegin,
saia dedilla txintxarri otsa
urrutian entzun dedin.
Bengoetxea VI
10.- Bengoetxea seigarrena zegon
pelotarien txapeldun
aurten ere bera izango zala
asko ginaden fededun
Elezkanok menderatu zun
naiz pelotan ondo jardun,
irabaztunik izango bada
nola galtzailea bear dun.
Rezusta
11.- Izen aundiko pelotaria
Rezusta bergaratarra,
Olaizolak menderatu zun da
etxera juan bearra,
urrezko ezkerra daduka baiño
eskubia pattal samarra,
eskola ederra ikasita
etorri zan goizutarra.
Urrutikoetxea
12.- Urrutikoetxea pamatutxea
ez da noski pekatu-ta
Donosti orretara etorri zan
itxaropenak artuta,
jokoa ez da errenta noski
bear degu gogoratuta.
Bizkai aldera goibel joango zan
Altunak menderatuta.
Irribarria
13.- Irribarria aramarra degu
ogeita bi urte oraindik
pelotazaleak asko itxaro
gentzake berarengandik,
ezkertiarra degu bera baiño
utsegin gutxi eskubin.
Aure etxera bialdu zuan
Ezkurdian ogeita bik.
Ezkurdia
14.- Arbizuko semea Ezkurdiak
badauzka naiko meritu,
oker txarren bat izan ezean
ura zeinek errenditu?
Begiak argi, gerri-besoak
oso indartsuak ditu,
txapela jantzi bazuan ere
ez gendun zertan harritu.
Olaizola II-Altuna III
15.- Olaizola bigarren ori
zan partaiderikan zarrena,
beste taldean nagusitua
Altuna irugarrena,
aurki ikusi bearren gera
zein dan bieta onena,
ura izango da txapel ederra
Bilbon jantziko duena.
Altuna III txapeldun
16.- Amezketarrari mila zorion
eskeñi bear lenengo
aitormen ori egingo degu
bai ango ta bai emengo.
Amalau tanton zarra utziaz
txapela jantzi zun ondo.
Ogeita bi urte dauzka oraindik
azkena ez du izango.