1.- Aurtengo udaberria,
Aste Santuk ekarria,
askoren alaigarria,
bere bitartez kenduko al dira
gosea ta egarria?
Badator lore berria,
emaitz-toki basarria;
itxaropen jatorria.
2.- Udaberriko legezko,
eman deiogun baiezko,
izan dedin maiorazko,
gorputz-animak sendatutzeko
or etorri zaigu Pazko.
Da zeiñek ez du gogozko?
Amorioz gazte asko;
ori ere bearrezko.
3.- Nunnai txori kantaria,
ain langille ugaria,
nor ote du gidaria?
Jaun zerukoak gu alaitzeko
bialdutako saria.
Orrelako oparia,
ez ote da miraria?
Egunaren ataria?
4.- Badute kantu ederrik,
eta ez dira alperrik,
orretan ez da okerrik,
besteak-beste, beren tratoa
kukua ta txantxangorrik,
Legeak duauzkate jarrik,
izadi onek ezarrik;
ez dabiltz kantuz bakarrik.
5.- Kukuak alper fama du,
txantxagorria ondradu,
ama ordezkoan gradu,
utsa litzake umea azita
soldatik izango balu.
Ainbat lan, denbora galdu,
kukurik ez da azaldu;
kantuan nahiko lan badu.
6.- Ikasbide bat zabala,
sarri ikusten dedala,
ain txori txiki apala,
kukuak eta txantxangorriak
munduan asko gerala.
Batzuk kantuz dute gala,
natura gizartea ala,
alkarren bear dirala.
7.- Kukua beti da alai,
nola aste-egun da jai,
da egun-sentian ernai,
jendea kantuz alaitzearren
lanean ez du asi nai.
Jateko bildutzen du bai,
ez da galduko nolanai;
errez joango da noranai.
8.- Sanjoanak arte guregan,
aurrez esan dedan eran,
mendi goietan da beran,
andik aurrera beste norabait
aldegingo digu egan,
Nora joanak aukeran,
txit entzunak nola geran;
Afrika joaten ote dan.
9.- Komeniko da joatea,
amaiera ematea,
denbora badu betea,
da baliteke beste nunbaite
bere zai an egotea.
Guk nai degu izatea,
noski urrengo urtea;
berriz etorri zaitea.
10.- Au da gure izaera,
beti bagoaz aurrera,
konturatzen da norbera,
udaberria ere joan zaigu
kukuarekin batera.
Danok degu bukaera,
auxen da nere galdera:
noiz artean ote gera?
11.- Nunnai gerraz naigabea,
da negarrezko abea,
gizon askoren legea,
aientzat oso urruti dago
udaberriko lorea.
Guregan bada aldea,
eskertu danon Jabea;
zer degu gauza obea?
12.- Izan gaitezen fededun,
lenago ori bagendun,
al bada aurrera jardun,
azkenik ez dun udaberri bat
guztiok izan dezagun.
Jauna egiguzu lagun,
ez dakigu noiz eta nun;
ea zoriona degun.