Gaur baiño indar gehiago zun baserriak, morroiak ere nunnai baziran eta “Morroian peria” ere deitzen zitzaion Pazko Bigarrengo orri. Jakiña, oriek ere jakin egin nai-ba, soldata kontuak eta nola zabiltzan? Orretarako aproposa izaten zan peri-egun ori.
Aurtengo Pazko Bigarrenez Tolosa bixitatzeko zoria izan det, eta beste edozein aste egun zirudin. Negargurea sortzen zitzaidan garai batekoa oroituz.
Ganadu-peri ederretik aparte idi-demarik edo apusturik etzan paltako Tolosako zezen plazan; orain dema-arri oriek, plazatik kanpo daude kalean apaingarri. Garai batean zeiñek esan? Tolosako tabernariantzat ere etzan izango egun oberik Pazko Bigarrena baiño.
Bukatu ziran ganadu-peri oriek, urtean bein-edo, pesta baten edergarri jarriko dituzte, baiña gaiñontzean akabo.
Orain horrela daude gauzak, baiña garai bateko peri aien bearrik ere ba al dago? Emengo peritara esne-beiak, Santander eta inguruetatik tratalariak ekartzen zituzten; emengo bigak etzutela esnerik esan oi zan. Jakiña, beia susara jartzen zanean, ernai jartzea izaten zan zaletasun bakarra arrazari kasorik egin gabe; gaur alde orretatik asko ikasi degu; zer azi mota jarri bear zaion, zer arraza dan eta abar erreparatzen zaio. Gaur txekor urritxa jaio orduko badakite aurrerako utzita nolako esne-beia izango dan. Orrela, ikullu batean dagoen esne-bei taldea aurkitu liteke dana etxean jaiotakoa; beraz, orain ez dago Santanderrera joan bearrik.
Ala ere, baserritarrak ez dute izango aberasteko bildurrik, baiña jokabide orrekin asko irabazi dutela esan bear. Esan oi zan, beia eta txekorra aragitarako salduta aien dirua bear zala bei berria erosteko. Baita ere esaten zan baserriko irabaziak ganadu aldaketan joaten zirala.
Beste gertakizun bat bazan aurten Pazko Bigarrenez Tolosan, aipatzea merezi duna: Asteasuko Muttegi baserrian jaiotako Manuel Tapia Amenabar 87 urtekoaren illeta Tolosako Santa Mari parrokian; oneraino ez da ezer arrigarririk; bai al dakizu zenbat senide ziran? Amabost, gaur bost bizi dira, eta ildakoak izan bezate betiko atseden.
Gure baserriak emaiz ugari
beren denborak emanak,
da ori garbi ikusten degu
zartuta bizi geranak;
aurrerapenak etorri dira
ala ere naiko lanak,
suerte on bat izan bezate
gelditzen diran bakanak.
Asteasuko Muttegiak ere
badauzka milla grazi,
hamabost ume aita ta amak
danak ezi eta azi;
zalantzik ez da izango ziran
ainbat geza eta gazi,
beste mundurako sari oberik
ezin leike irabazi.