San Agustin

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Garmendia 2017ko abu. 25a, 02:00

Agoztuaren 28’an Agustin Aundiaren eguna degu,  eta gure jaioterri Berrobi urteko jai nagusitan regula esan bear. Afrikako santu onen gorantzan ez da beste santu askok duten jaierarik, baina “Aundi” izena berekin daramakila esan bear. Entzunda gaude, garai batean sermoirik etzala egingo San Agustiñen aipamenik egin gabe. San Agustin egunez meza-nagusiarako etorri zan sermoilari batek ere onela omen zion: “Zer balio duteba, Berastegiko Lontxok eta Ibarrako Mattolok Berrobiko San Agustin Aundiarentzat?”. Kontuan izan bear degu, Berastegin, Sanlorentzotan dituztela jaiak eta Ibarran, Sanbartolometan.

Urte batzuk izango dira, San Agustiñen bizitzaz amar bertso jarri nitula “Aizak’i mutil mañontzi” doiñuan kantatzeko. Ez det uste gaurkotasunik galdu dutenik.

Bertsoz nai nuke itzegin,
San Agustiñez atsegin,
orretarako bere laguntzaz
baliatu nadin.
Zaindari degu Berrobin,
saia gaitezen alegin,
dagon lekutik guri begira
pozik egon dedin.

Gure gisa pekatari,
mundu zalea nabari,
egun batean konbertitzea
izan zan mirari.
Jaungoiko ona gidari,
gero zoriona sari,
ikasbiderik asko badegu
jarraituz berari.

Agustiñek zun aldea,
zorionaren galdea,
erririk-erri asi zitzaigun
ajola gabea.
Osatuz gazte taldea,
bere antzeko jendea,
zoriona nai zun baiña ezin
billatu ordea.

Santa Monika zun ama,
arek zeramakin zama!
Semean kezkaz egun guztia
errezon darama.
Apaiz batek zun esana,
gezurra erten esana,
ez da galduko orrelako ama
berekin daukana.

Fede gabea zun aita,
berak alaxe zun naita,
semeak ere asieratik
bide ori maita.
Baiña ez dabil alai-ta,
berdin aste eta jai-ta,
Jainkorik gabe zorion ori
eziñezko baita.

Ogeita amabi urtean,
etsai askoren tartean,
seme bat ere izandu zuan
alakon batean.
Baiña aldatu golpean,
damutasunez betean,
gaur Agustin Aundia degu
santuen artean.

Seme-alabak galduta,
etsaietaz inguratuta,
gaurko munduan ere badegu
ainbat pekatuta.
Ama asko negartuta,
errezora beartu-ta,
guraso askon ikasbidea
Monika degu-ta.

Gizonaren egarria,
zorionean jarria,
orretarako billatu nairik
bere iturria.
Baiña askotan larria,
etortzen zaigun arria,
San Agustiñek ematen digu
gauz orren berria.

Bere gorantzan ainbat jai,
ezin azturik nolanai,
erri ta auzo kontatu leizke
Berrobi ere bai.
Badadukagu naiko gai,
eliza, plaza eta mai,
bizi-pozetan saia gaitezen
arreba ta anai.

Gure izate denetan,
gabiltzan mundu onetan,
agoztuaren ogeita zortzi
maitea benetan.
Pozetan eta penetan,
jarri pentsamentuetan,
San Agustiñen laguntza degun
itxaropenetan.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!