Gertatzen diranak

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Garmendia 2016ko eka. 1a, 02:00

Euskalerrian bertso-paper ezagunik baldin bada, bat, “Markesaren Alabarena” izango da-ba. Ain bertso sentikorrak izanik, asko erakusten digutenak dirala esan bear. Garai bateko bertsolariak beren lan bat asterakoan, Jainko edo santuren baten laguntza eskatuko zuten; ara Iturrinok Markesaren Alabarenean: “Zeruak eta lurrak/egin zituana/memoria askatzera/atoz neregana”. Gaurko bertsolaritan orrelakorik nekez ikusiko degu.

Beste pekatu aundi bat, gurasoak egiten zutena-edo, dutena izango da: beren seme edo alaba ezkontzako bidean asten zanean lagun ori beraien gogokoa ez bazan izango ziran komeriak. Agian, gaur ez hainbeste, baiña garai batean adibidez, etxe-alde oneko semea edo alaba, langille beartsu batekin asten bazan, etxean ezezik kanpoan ere izango zan armoni ederrik.

Ezagutu nun lagun bat, basarri oneko maiorazkoa bera, eta neska gazte batekin ezkontza bidean asi zanean, gurasoak eta senideak galerazi ziotena. Gero zer gertatuko-ta, maiorazkoa urtetan aurrera eta ezkontza biderik ez. Orduan gurasoak eta senideak zerbait egiteko garaia zula esanez. Maiorazkoaren erantzuna jakiña zan: “Orain al zatozte lantu eta kontu, ni asi nintzan nere garaiean, da oroitu zer egin zidazuten”. Txirritak bertso bati eman zion bukaera sarritan aipatzen zun gizarajoak: “Zer lastima dan ezkondu gabe/sartu bearra lurpian”.

Goazen Markesaren alabarekin. Bertsoak dion bezela, “Markes baten alaba/interesatua/marineroarekin/enamoratua”. Ala konformatu zirelarik, eskola ikastea eta kulturaz jaztea urrutira joan zan Antonio: “Kartaz entenditzeko/alkarren berriak/formalidadearekin/jartzeko egiak/baiña etziran lo egon/amaren begiak”. “Juanitak olakorik/etzuen pentsatzen”. “Amaren malezia/korreora joanda/Antonio il zala/egin zuen karta/Juanitaren tristura/aundia izanda/engañatu dute bestek/gezur bat esanda”.

Mutilla, aspaldian kartarik artu gabe zegolarik errira itzuli zan zer gertatzen ote zan jakin-miñez. Juanita kalean ikusi zunean txorabiatuta lurrera erori zan, Juanitarekin itz batzuk egin zitun eta bi ordurako ilda gelditu zan.

Gaua pasatu eta
urrengo goizian,
entierroa zuben
bigarren klasian,
Markesaren alaba
guztien atzian,
zer pena izango zan
aren biotzian?

Penarekin lerturik
Antonio il zan,
akonpañatu zuen
Juanitak elizan,
maitasuna bazion
esan dedan gisan,
geroztikan etzuen
osasunik izan.

Gertakari au, noiz eta nun gertatu zan ez digu esaten bertsolariak: erderaz bada gertakari triste bat “Los Amantes de Teruel” izenekoa, eta bertso auek an dutela sustraia entzun izan degu.

Kontuak-kontu, biak ere ikasbide ederra ematen digute. Gurasoak seme-alabari aolkuak ematea ondo dago, biotzak agintzen dunean kontuz ibilli.

Ezkontzarako seme,
alaban pausoak,
sarri aita ta ama
etziran gozoak;
lagundu bearrean
ziran erasoak,
pekatu asko egiten
zuten gurasoak.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!