Sagardotegiak zabalik

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Garmendia 2019ko ots. 8a, 11:00

Urtarrillaren 11´an asi naiz idazten eta gure sagardotegiak zabaltzen asi dirala degu albiste nagusia. Ain zuzen, Adunako Aburuzak zabaltzeko bezperan bertan maiz ibiltzen geran bezeroairi utsean ematen digu aparia eta egun ori atzo izan gendun, 120 bat sagardozale bertan giñala.

Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolari sonatuak ere tarteko genitun. Nik ixillik obetogo emango nun, baiña ezin egon ordea; ala kantatu nitun banaka batzuk. Ezpañetako soiñua jotzen artista dan Landa ere bertan gendun eta zer bear zan besterik?

1.- Zorionean zabaldu dira
gure sagardotegiak,
zorionean kendu genitun
gose eta egarriak;
mundu xelebre au konpontzeko
gaizki ez giñan jarriak,
jende paltarik ez dute izango
erari maitagarriak.

2.- Estalpe orretan lenago ere
jarduna nago kantari,
atzoko orretan kantatutzea
etzan izango mirari;
zartu naiz eta laguntza eske
sasoia zeukatenari
ala txalorik asko jaso nun
eskerrik asko daneri.

3.- Bizi dan ura zartzen ari da
ori edozeiñek daki
ta Garmendiak urtean zama
bizkarrean daramaki;
larogeita lau beteak ditut
larogeita bosta aurki,
arro samarra izan naiz baiña
umildua naiz ederki.

4.- Tristurak utzi alai jartzeko
au da leku aproposa.
Upel bakoitzak bere ziria
eta txorrotaren otsa;
da etorri dan gaztediakin
egin dezagun aitortza,
gure utsuneak beteko dituzte
orrek ematen du poza.

5.- Zorionean sagardoa da
sagastiaren emaitza,
giltzurdiñak garbitzen ditu-ta
errez egiten da pixa;
bi edo iru egun bertako
aiton askoren baldintza.
Guk ainbat buruausterik gabe
eraman zuten bizitza.

6.- Ume giñala ikasi genitun
dotriña eta katona,
ez pentsa gero ori ikasia
damuturikan nagona;
gaurko gazteak asko dakite
baiña palta zoriona,
arren gogoan izan zazute
aitona zarrak diona.

7.- Nola arraia nola aragia
sagardotegiko jatena,
urrutira zabaltzen ari da
mama gozoan antena;
mundu guztian esan liteke
orain esango detena:
“euskaldunak badaka zerbait
beste arrazak ez dutena”.

Zer moduzko sagardoak dauden? Gerora litekena da diferentziak izatea, baiña asi berri ontan alde aundirik ez dala esango nuke; garbitasuna nausi jarri da estudio guztiakin eta ori da arrazoia berdintsuak izateko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!