Aitor Mendiluze eta Unai Agirre bertsolari sonatuak ere tarteko genitun. Nik ixillik obetogo emango nun, baiña ezin egon ordea; ala kantatu nitun banaka batzuk. Ezpañetako soiñua jotzen artista dan Landa ere bertan gendun eta zer bear zan besterik?
1.- Zorionean zabaldu dira
gure sagardotegiak,
zorionean kendu genitun
gose eta egarriak;
mundu xelebre au konpontzeko
gaizki ez giñan jarriak,
jende paltarik ez dute izango
erari maitagarriak.
2.- Estalpe orretan lenago ere
jarduna nago kantari,
atzoko orretan kantatutzea
etzan izango mirari;
zartu naiz eta laguntza eske
sasoia zeukatenari
ala txalorik asko jaso nun
eskerrik asko daneri.
3.- Bizi dan ura zartzen ari da
ori edozeiñek daki
ta Garmendiak urtean zama
bizkarrean daramaki;
larogeita lau beteak ditut
larogeita bosta aurki,
arro samarra izan naiz baiña
umildua naiz ederki.
4.- Tristurak utzi alai jartzeko
au da leku aproposa.
Upel bakoitzak bere ziria
eta txorrotaren otsa;
da etorri dan gaztediakin
egin dezagun aitortza,
gure utsuneak beteko dituzte
orrek ematen du poza.
5.- Zorionean sagardoa da
sagastiaren emaitza,
giltzurdiñak garbitzen ditu-ta
errez egiten da pixa;
bi edo iru egun bertako
aiton askoren baldintza.
Guk ainbat buruausterik gabe
eraman zuten bizitza.
6.- Ume giñala ikasi genitun
dotriña eta katona,
ez pentsa gero ori ikasia
damuturikan nagona;
gaurko gazteak asko dakite
baiña palta zoriona,
arren gogoan izan zazute
aitona zarrak diona.
7.- Nola arraia nola aragia
sagardotegiko jatena,
urrutira zabaltzen ari da
mama gozoan antena;
mundu guztian esan liteke
orain esango detena:
“euskaldunak badaka zerbait
beste arrazak ez dutena”.
Zer moduzko sagardoak dauden? Gerora litekena da diferentziak izatea, baiña asi berri ontan alde aundirik ez dala esango nuke; garbitasuna nausi jarri da estudio guztiakin eta ori da arrazoia berdintsuak izateko.