Liburu berri bat

Erabiltzailearen aurpegia Txomin Garmendia 2019ko urt. 11a, 11:00

Liburu berri baten aurkezpena izan zan Astiasun, ain zuzen abenduaren 1´an, Euleterio Tapia bertako seme, soiñujole eder eta segari txapeldun izandakoaren gorantzan; Joxean Agirre adiskideak burutua.

Garaiko eguneroko eta 528´garren Aiurri aldizkariak ere ekarri zituzten Euleterion gora-berak. Beraz, nere au argitaratzerako ederki jorratua izango da liburu ori.

Ala ere, Euleterio Tapiatzaz zerbait esateko edozeiñek ainbat eskubide badedala esango nuke, eta orretara nijoa borondaterik onenez.

Plaza eta pesta askotan izan zan soiñujole, baiña ixtimaziorik geiena santa eskean eta antzekoetan izango zun; or ogeita lau orduko ibillaldiak egiñak badira, nik ogeita bikoa izan det aundienekoa. Or langille bakarrik ez du bear, sasoi puska bat ere bear dute soiñujole eta koplariak eta Euleteriok bietatik zun asko. Taldeko batek edo bestek utsegin dula, iñor ez da konturatuko, baiña soiñujole eta koplariak lenengo puntan ibilli bear eta or komeriak. Pesta jartzeko batek izan lezazken doai guztiak zitun Euleteriok; berak soiñua jo eta eta dantzan ikusi izandu genduan. Bertso maitale berriz, nor Euleterio baiño geiago? Bertsolariak botatako bertsoa berriz, soiñuz borobilduko zun. Zenbat ibilli egin ote gendun elkarrekin? Albizturko, Errezilko eta abarretako etxe-atariak itzegin balezateke izango luteke zer kontatua.

1988´ko iraillan il zan 62 urterekin. Berak errurik ez bazun ere bost urte lenago guardiazibillak lotu eta Madrilla eraman zuten; eta zortzi egunez egurtu zuten. Bere emazte Anastasik eta sei seme-alabak diotenez, Madrilletik etzan lengoa etorri. Pakean beza atseden.

Euleterio Tapiaren gorantzan liburu bat baiño geiago egin litezke, adibidez, amabost senide izan ziran Eleuterio-ta. Bere irudi bat an dago Astiasuko plazan, orain liburu eder batekin luzatu dute bere izena, ondo mereziak denak.
Orra Santa Ageda bezperako ixpillu bat:

1.- Otsaillaren lana degu gaur
Santa Ageda bezpera,
oitura eder haur galdu ez dedin
erten gerade eskera.

2.- Alkate jaunaz egondu giñan
atzoko arratsaldean,
eta baimena gurekin degu
ibillitzeko taldean.

3.- Garmendia degu koplari eta
soiñujolea Tapia,
da errespetuz artu dezagun
jendean borondatia.

4.- Oraindik oraiñ basarri eder bat
suaren mende genduan,
ekintza on bat egin nai bada
ai zer aukera deguan.

5.- Juxtu-juxtuan salbatu ziran
kristau ta animaliak,
ta gaiñontzeko guztiak suak
utzi zitun kiskaliak.

6.- Negar malkuak txukatutzeko
badirade anparuak,
sendi orreri lagundutzeko
emanik gure diruak.

7.- Arrera on bat egin deiogun
Santa Agedan bizitzari,
fede santuan iraun zuan da
Jainkoaren serbitzari.

8.- Garbitasuna gordetzearren
oiñaze eta negarrak,
etsaien mende jarri etzalako
moztu zizkaten bularrak.

9.- Zeru ederra iritxitzeko
izandu zuen grazia,
guretzat ere aren bidea
ez dago galerazia.

10.- Limosna eder bat jaso degu ta
agurtutzea legezko,
Santa Agedak lagun deigula
danori eskerrik asko.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!