Don Alejandro Labaka, Beizamako semea, Ekuadorren zebillen mixiolari, gozai gradua zeukan gaiñera; eta datorren uztaillean 21'an beteko dira 32 urte indioak il zutela. 1921'ko apirillaren 19'an jaioa zan.
Bere oroigarri, apirillaren 3'an, puntzio eder bat izan zan Zizurkilko Arantzazuko Amaren Parrokian. Kaputxinoa zalarik, bere ordenako praile batek itzegin zuan; Alejandrok Ekuadorren eraman zun bizimoduan dokumentala ikusi al izan genduan. Penagarria benetan!
Mixio lanetan zabillen Kolonbiako monja gazte bat ere il zuten Alejandrorekin batera, Ines Arango bere izen abizenak. Goza bezate betiko atsedenean.
Liburu berri bat ere argitaratu dute gertakari orri buruz. Peñagarikano eta biok bertso batzuk ere kantatu genitun Zizurkilko puntzio orretan, ain zuzen, Peñagarikanon amaren anaia zan Alejandro Labaka. Bi mixiolari oriek santutasun bidean dijoaztela ere esan ziguten. Ala izan bedi.
- Baratz batean sortu litezke
larrosa eta iraka,
danontzat on dan gertakizun bat
zabaldu nai det egaka,
da Beizamako semea gendun
Don Alejandro Labaka
era artako seme leialak
jaiotzen dira banaka. - Amerikako Ekuadorren
gozai izan genduana
ango indioak konbertitutzen
pasatzen zun egun dana,
Jesusen dotriña erakustera
zan urrutira juana,
baiña eriotza izandu zuen
ordaiñez jaso zuana. - Kaputxinoan ordena zuan
beizamatarrak zeukana.
Monja bat laguntzailea zun
Kolonbiakoa zana.
Indio aien atzaparretan
bizia zuten emana,
ziartu nago zeruan ere
gertu izango dirana. - Gure Jesusen dotrin ederra
erakutsiaz askori,
Don Alejandrok berekin bazun
konta ezin ainbat istori
eskari auxe egingo nioke
Aita Santu Frantziskori:
aldaretara jaso dezala
Beizamako seme ori. - Bizi-poza ta itxaropena
da fedeak dakarrena,
ori dala ta mixiolariak
munduan zear barrena,
sinistun izatea degula
gauzarik bearrena,
lenengo mundu ontakoa ta
zeru ederra urrena. - Amazoniako basope artan
guztiz apal da ondradu
besteak beste beizamatarrak
jaso zun ainbeste gradu,
oiek guztiak ikusi eta
nola portatzen gera gu?
ikasbidea ematen digute
inork ikasi nai badu.