Sagardotegiak eta bertsolariak

Erabiltzailearen aurpegia

Sagardotegiak eta bertsolariak uztarri batean lotu litezkela esan bear, "ziran" esanda obeto dagola esango nuke ordea; ia gure garaiak arte iraun zuten sagardotegiak azkena eman bai zuten.

Gu bizi geran urte labur auetan, edozein lanetan dala ere, aldaketa ederrak ezagutu ditugu eta orrela gure sagardotegiak. Kale-girotik baserri-girora aldatu zaizkigu sagardotegiak; adibidez, Tolosan, Letxuga-kalean ezagutu gendun Garikanoren sagardotegia. Eta orrela beste erri askotan.

Zeiñek esan bear zun garai batean gizonezkoak ainbat emakume ikusiko gendula sagardotegian? Gaur ordu pare  baterako joaten gera sagardotegira, bideak zaintzeko dauden ertzañak ere asko zintzotu digute sagardotegiko ibillera, sagardotegira juan da bi edo iru egun pasatzen zituzten aiton aiek zer esango ote luteke gaur?

Bertso-eskolak gure garaikoak dirala esaten gabiltza sarritan. "Gure kolegioak sagardotegiak" kantatu omen zun Udarregi bertsolariak. Beraz, bertso-eskolak baziran lenago ere; kolegio oriek nolakoak ziran? Or dago kakoa. Garai aietan izen txarra zuten bertsolariak. Amazazpi-emezortzi urte izango nitun, ari nintzan-ba, taberna zulotan da abar bertsotan, da erriko gizon errespetagarri ta abertzale batek, au esan zidan; "lengo bertsolariak moskorkeritik ondatu itun, kontuz Txomin"!

Beste au ere etzait aztuko bizi naizen arte, Berrobitik talde batek, danak elduak, Astigarrako Astarbe sagardotegira joanera antolatu zuten, eta neri ere kaso in zidaten, sagardotegiako aproposa nintzala-ta. Pozik eman nioten baietza, ura izan zan nere lenengo joanera sagardotegira. Berrobitik Tolosara bizikletan joan giñen, andik Ernanira trenez, eta ondoren oinez Astarberaiño. Naiko bakaillo-tortilla eta txuleta jan gendun, sagardoz ondo lagunduta, eta 47'na pezeta zan bakoitzaren kontua.

Nola-alako pranko kontatua izango nun, eta gizon traje dun errespetagarri batek batez bestera itz auek esan zizkidan: "gazte, bertsotan ondo egiten dezu, baiña bertsolari on oietan etzaitez ari, oietan mozkorkeria eta bide txarra besterik ez dezu ikusiko-ta".

Orduan nere ametsa bertsoa besterik etzan, da ez nioten kasorik egin gizon aien esanei, eta ez det damurik. Onako auek ere esan bearra dago-ba: Basarrik atera zula bertsolaritza illunpetatik argira. Pakean beza atseden. 

Garai bateko ainbat oitura
etziran ederregiak.
Ta geienetan indar artzen zun
txarrerako alderdiak,
edozeiñetzat diraden arren
gaitzak ditu geiegiak
zorionean aldatu ziran
gure sagardotegiak.  

Garai bateak sagardotegiak
maiteak genitun ziñez.
Upel batetik bestera trebe
balantza batzuk eginez,
gose egarriak kenduagatik
noiz etxeratu jakiñ ez,
da bitartean andre gaixoa
lanak burutu ezinez.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!