Ligari berrekingo diote UKE eskubaloiko taldeek

Erabiltzailearen aurpegia Urnieta KE Eskubaloia 2026ko urtarrilaren 9a

Artxiboko irudia.

Gabonetako etenaldi luzearen ondoren, Urnieta KEko eskubaloi taldeak martxan jarriko dira asteburu honetan.

Gabonetako etenaldi luzearen ondoren, Urnieta Artola Harategia lehiaketara itzuliko da. Gainera, bigarren itzuliari hasiera emango diote larunbat honetan Soraluce BKE taldeari bisita eginez (17:45). Lehen itzulia zertxobait irregularra izan bada ere, urnietarrek ez dute taulako goiko postuetara iristeko itxaropena galdu, eta horretarako aurkari zuzen bati irabazi beharko diote, bi taldeek 10 punturekin baitoaz. Partidu erakargarria espero da; bi taldeak garaipenaren bila zelairatuko dira, igoera faseara sailkatzeko postuetara berriro heltzeko bide bakarra baita.

Goizean (09:45), Urnieta Lanchas Bus taldeko kadeteek Gipuzkoako txapelketako azkenaurreko jardunaldia jokatuko dute Usurbilen. Garaipena behar dute azken jardunaldira arte hirugarren postua lortzeko itxaropenari eusteko. 2025a bikain amaitu zuten urnietarrek urte berriari dinamika berarekin ekin nahi diote. Usurbilgoak multzoko azken postuan egon arren, ez da partida erraza izango UKErentzat eta 60 minutuetan zehar kontzentrazio handia beharko dute.

Igandean (11:00), Urnieta Iñaki Mecanizados taldeko kadeteen txanda izango da, Ecenarro Bergara KE taldea etxean hartuko baitute. Hiru garaipen jarraian lortu ondoren, laugarrena eskuratzea izango dute helburu bigarren itzuliaren hasieran.

Gabonetako Txapelketa arrakastatsua

Abenduaren 27an giro aparta bizi izan zen Urnietako kiroldegian, UKEko eskubaloi sailak antolatuta eta HK10 Hotelak babestuta. 180 neska-mutil baino gehiagok hartu zuten parte, kadete, infantil, alebin eta benjamin mailetan, goizeko eta arratsaldeko jardunaldietan. Amaiera gisa, senior gizonezkoen partida jokatu zen Leizaranen aurka. Eskubaloi jardunaldi bikaina izan zen, eta infantil mailan Sardon Comunidades y Servicios taldeko urnietarrek lortu zuten garaipena; kadete mailan, berriz, Aiala Zarautz izan zen garailea. Ataleko arduradunek eskerrak eman nahi dizkiete parte hartu zuten klub guztiei, baita txapelketa aurrera eramatea posible egin zuten laguntzaile guztiei ere.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!