2019ko udal hauteskundeak

Hauteskundeetan boto zuria emateko deialdia

Aiurri 2019ko mai. 23a, 07:57

Jakina denez, hautagaitza bakarra aurkeztu da Larraulen Udal hauteskundeetarako: PSE-EErena. Hautagaien artean ez dago herritarrik eta datozen lau urteetan Udala nork gobernatuko ote duen kezka nagusitu da larrauldarren artean

 

Ezohiko egoera honen aurrean, herritar talde bat bildu eta  Udalera jo zuen informazio bila. Besteak beste, azken boladan sarritan entzun den galdera egin zuen: 'Zein aukera du hautagaitza bakar horrek herria gobernatzeko?'. Bada, Udalak jakinarazi duenez, "legearen arabera, aurkeztu den zerrenda bakar horrek Udala gobernatzeko boto baliagarrien %5a atera behar du gutxienez".

Bestalde, igandean Larraulgo udaletxera bozka ematera gerturatzen diren herritarrek bi boto baliagarri izango dituztela jakinarazi dute: PSE-EEk aurkeztu duen zerrendaren aldekoa bata eta, boto zuria bestea.

Argitu dutenez, boto zuria hautetsontzian sobre hutsa sartuta ematen da, barruan inolako paperik sartu gabe eta ezer idatzi gabe.

Bada herritarren artean airean dabilen eta Udaleko kideei luzatu zitzaien beste galdera bat ere: 'Aurkeztu den zerrenda horrek Udala hartuko ez balu zer?'. Hauxe erantzuna: "Gipuzkoako Foru Aldundiak Batzorde kudeatzaile bat osatu beharko du. 2015eko Udal hauteskundeetan boto gehien jaso zituen alderdi politikoko hautesleez osatuta egon behar da. Hori posible ez balitz, Aldundiak batzordea osatuko du borondatez aurkezten diren pertsonekin".

Azken legealdian Albiztur herriak bizitu du egoera hori,  Udaleko kideek argitu dutenez, "2015eko Udal hauteskundeetan, Larraul egun dagoen egoera berdinean egon zen".

Larraulgo Udalak google-eko esteka bati egin dio aipamena. https: // icon.cat/util/elecciones estekari, hain zuzen. Maiatzaren 26an Larraulen gerta daitezkeen eszenario desberdinen simulazioak egiten dituela adieraziz.

Idatzia herritarrei

Herritik sortutako zerrenda bat osatzeko zailtasunen aurrean nahiz egoera horrek Larraulgo etorkizunean ekarriko dituen ondorio kaltegarriekin kezkatuta, ondorengo puntuak biltzen dituen idatzia helarazi du Larraulgo etxe guztietara, gaiarekin kezkatuta agertu den herritar taldeak:

  • Herrian zerrenda bat ez egotearen ardura hemen bizi garen guztiona da.
  • Zerrenda hori osatzeko norbanakoen zailtasun eta ezintasunak zilegiak dira.
  • Udalaren ardura herrikideon ardura izan behar du.
  • Ez genuke Larraulgo herriaren ardura, herriarekin inongo zerikusirik ez duen eta herritik kanpo osatutako partido politikoen zerrenda baten esku utzi behar.
  • Herri honek etorkizuna behar du, eta horrelako erronkek banandu baino elkartzeko baliagarriak izan behar dute.

Boto zuria 

Puntu horiek guztiak kontuan hartuta, datozen hauteskundeetan boto zuria emateko deia luzatu diete herritarrei, "hurrengo hauteskundeetan boto zuria emateko eskatzen dizuegu, eta bide batez hurrengo hilabeteetan herriaren kudeaketaren inguruko eztabaidaren parte izateko gonbitea luzatzen dizugu".

Elkarrizketarik ez

Larraulgo alkategai bakarrari, PSE-EEko Jose Antonio Rodriguezi ere elkarrizketa eskaini dio Aiurri aldizkariak. Elkarrizketarik ez ematea erabaki du, ordea, hautagaiak.

 

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!