Harituz Bertsozale Elkarteak eta Larraulgo Udalak antolatutako bertso jarrien kantaldia ospatu zen atzo Larraulen. Maiatzaren 15a, San Isidro eguna izanik, herriko baserritarrei aipamen berezi bat egin nahi izan zioten, haiek egiten dituzten lanak goraipatuz.
Eskualdeko bertsolari zein bertsozaleek eurek jarritako sortak abestu dituzte, Aitor Atxega gitarristaren laguntzaz. Ekimen hau normalean afari formatuan egin ohi da, baina aurtengo egoera dela eta, kantaldi moduan egitea erabaki dute antolatzaileek. Gutxi gorabehera, hamairu bertsolari pasa dira oholtza gainetik eta eurek prestatutako bertso sortak abestu dituzte herritarren aurrean. Inoiz gutxitan ikusi ohi den jendea ere ikusi eta entzuteko aukera egon da, tartean, eskolako haurrak. Giro ederra sortu da eta publikoa ere kantari jartzea lortu dute bertsolariek.