Nutrizioari buruz duzun pentsaerak sarritan tupust egin du besteek dutenarekin. Zergatik?
Nutrizioaren zutabe nagusiak pisu-galera eta dietak izan dira betidanik, gizartea horrela diseinatua dagoelako, kanon batzuk bete behar direlako eta behar batzuengatik.
Alabaina, gaur egun, geroz eta gehiago gara pentsaera alternatiborako bidea hartu dugunak. Hala ere, pentsaera hori beste arlo batzuetara zabaldu beharra dago. Esate baterako, osasungintzan lodifobia izugarria dago, beste batzuen artean. Nonbaitetik hasi behar da arau horiek hausten.
Zertan oinarritzen da aipatu berri duzun pentsaera alternatiboa?
Jakitun gara gizarte lodifobo batean bizi garela. Hala ere, herritar guztiek berdin tratatuak izateko eskubidea dutela uste dugu. Horrez gain, plan nutrizional baten helburua ez litzateke pisu-galera izan behar, osasunaren hobekuntza baizik. Horretarako, ezinbestekoa da nutritiboki jaten ikastea eta gorputzak duen behar horri erantzun egokia ematea; gure buruari debekuak jarri gabe lortu daiteke hori.
Hari beretik tiraka, ezinbestekoa da, behar emozionalak eta sozialak identifikatzea. Hau da, ez du ezertarako balio gorputz kanoniko eta eder bat edukitzea, osasun mentala eta soziala ondo ez badago. Erlazio estua dago egoera emozionalaren eta nutrizioaren artean.
Esanak esan, jendarteak ohitura handia du gorputz tamainagatik jendea epaitzeko. Hori horrela, Amerika hegoaldean HAES izeneko mugimendua sortu zen, "osasuna taila guztietan" lemapean. Hots, gizena egonda ere osasuntsu egon zaitezkenaren aldarrikapena egiten dute. Horrelako esaldiak entzunak dira, "asko dira osasun-arazoak dituzten gizenak!". Bai hori egia da, baina, neurri berean, osasun arazoak dituzte pertsona argalak ere badaudela diot nik.
Laburbilduz, tamaina guztietako pertsonak egon daitezke osasuntsu, eta nutrizionistok pertsona horien errealitatera moldatu behar dugula pentsatzen dut. Geroz eta gehiago dira horrela pentsatzen dutenak, baina oraindik gutxiengoa gara, horregatik gara alternatiboak.
Zer da lodifobia?
Pertsona gizenak epaitzea beren gorputzen tamainagatik, eta, beraz, auzitan jartzea horien bizi-estiloa. Horrez gain, gorputzagatik bazterketa bat ematen da hainbat arlotan. Pil-pilean dagoen errealitatea da.
Orain arteko guztia entzunda, osasuntsu egon al daiteke pertsona lodi bat?
Bai, dudarik gabe. Pertsona bat argaldu egin behar dela esaten denean, osasunaren aitzakia jartzen da sarritan, baina gezurra da. Zuk ez duzu pertsona hori ezagutzen, ez dakizu nolako bizi-estiloa daraman eta zaizu batere axola bere osasuna. Kontua da bere gorputz gizenak molestatu egiten zaituela. Azken finean, pertsona lodia ez zaigu erakargarria iruditzen, kanonikoa ez delako eta normatibitatetik at geratzen delako.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
Harpidedun egin nahi izanez gero, horretarako aukera zuzena eskaintzen du www.aiurri.eus webguneak, klik bakarrera. Gainerakoan, albiste honen bukaeran ere baduzue Aiurrikide egiteko aukera.