Alkategai aurkezten zara Larraulen. Zure ibilbide politikoan Tolosan eta Ibarran aritu zara zinegotzi modura. Zein da alkategai aurkezteko arrazoia?
Lehenbizi esan nahi dut larrauldarrei begirunea zor diegula. Errespetuz aurkezten du hautagaitza hau EAJ-PNVk. Nola adierazi hau? Adibidez, beste baten etxera goazenean bezalatsu, poliki sartu, entzun, etxekoekin lan egin denen onaren alde. Beraz, herriari zerbitzu egiteko prest gatoz, herriarekin batera. Larraulgo alkate gertatzen banaiz Larraulgo herritar urrunak ez baizik urkoak egin gaitezela, hori nahi nuke. Badauzkagu hurbiltzen gaituzten osagaiak: Eusko Alderdi Jeltzalearen nortasun politikoa, euskaldun eta abertzalea, Larraulekin konprometitua. Erronka honetan ez naiz ni bakarrik baizik eta hautagai-talde bat. Begirada zabalduz, Euskadin politika egiten asmatu duen Eusko Alderdi Jeltzalearen itzala eta bultzada dauzkagu. Aski arrazoi eta pisuzkoak alderdiari baietz esateko eta larrauldarrengana aurkezteko, etxekoekin hitz egin ondoren.
Herriko hautes-errendarik ez egotearen aurrean zein iritzi duzu?
Egungo giro indibidualistak ez du laguntzen pausoa ematen; bestetik, badago bestea larrutzeko joera neurrigabe bat, bereziki politikaria bada, parte onekoa ez dena; gainera, gure herrian hamarkadatan jasandako giza eskubideen urraketen ondorioa dago. Horrek denak atzendu dezake jendea. Eusko Alderdi Jeltzaleak Larraul gobernatzera animatu nahi ditu larrauldarrak, guk testigua eman nahi diegu bertakoei.
Sozialistek udaletxean egin duten jardunaz zein iritzi duzu?
Bi hitzetan esango dizut: hori larrauldarrek baloratuko dute. Gauza bat eskatuko nieke: izateko herri ikuspegia, irekitzeko fokoa Larrauletik Gipuzkoara eta Euskadira. Eta botoa erabakitzean kontutan izateko ze ardatz duen alderdi bakoitzak. Gure ardatza Euskadi da.
Zein harreman duzu Larraulekin, eta zure ezagutzagatik nola definituko zenuke udalerria?
Aspalditik ezagutzen dut Larraul. Garai batean gazteekin bizikizunak egiten nituen apaizetxean. Nire geografia, gizaki eta lagun urkoaganako hurbiltasuna da, solidaritza eta konpromisoa bizituz eta zabalduz. Balio horiek bizi nahi nituzke, Larraulen izaera errespetatuz: herri euskalduna eta herri honi atxikia, eta egungo mundualdiari irekita ikusten dut Larraul.
Udal ordezkaritza lortuz gero, zeintzuk dira egingo dituzuen lehen proposamenak?
Gai nagusietan larrauldarren parte hartzea nahi baitugu, larrauldarrei entzutea izango da aurreneko lanetako bat, herriari zerbitzua herriarekin harremanean. Bestetik, udaleko ekonomia jasangarria eta zerbitzu onak bermatuko ditugu, erakundeekin elkarlanean. Etxebizitza berriak, Larraulen neurrira, gazteak bertan bizitzeko, eta haurren Herri Eskolari arreta berezia jarriko diogu. Hau guztia, Larraulen bizikidetza baketsua landuz.
Landa eremuko udalerria da Larraul. Epe luzera zzein garapen izan beharko luke Larraulek?
Garrantzitsuak dira baserritarrak. Larraul moldatu dute beren langintzarekin, eta baita naturarekiko harremanaz eta begiruneaz ere. Nortasun hori aberasgarria da Gipuzkoarako eta etorkizunerako ere zeresan handia dute baserritarrek. Udalaren eta beraien arteko elkarlana, ezinbestekoa. Aldi berean, Larraulek bizitza duinak eskatzen dituen zerbitzu publikoak behar ditu, eta horiek bermatzeko Foru Aldundiarekin eta Jaurlaritzarekin ariko gara, batez ere gizarte zerbitzuak ziurtatzeko.
Larraulgo EAJ-PNV
Jose Agustin Arrieta Eguiguren.
Maribel Vaquero Montero.
Markel Aranburu Bartau.
Izaro Alkorta Andoaga.
Amaia Peon Elorza.
Aitana Aguirre Loyarte.
Gorka Arregui Aguirre.
Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
- Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.