M28 Aiztondo

"Zerrenda plurala da gurea, ekarpenak egiteko prest dagoena"

Aiurri 2023ko mai. 16a, 07:00

Tere Arana hautagai sozialista, eta egungo alkatea.

Tere Arana PSE-EE-ko alkategaia Larraulen

Herritarrez osaturiko hautes-zerrendarik ez eta 2019an Arana sozialistak hartu zuen aginte-makila. Bizi izandako esperientzia aberasgarria izan zaionez, bigarren aldiz aurkeztuko da

Eskarmentua baduzu Udal politikagintzan, eta dagoeneko lau urte egin dituzu alkatetzan. Abantaila hori baduzu, hautagai berrien aurrean.

Bai. Oso aberasgarriak izan dira azken lau urte hauek. Iksgai handia izan da. Banuen esperientzia udal politikagintzan baina udalerri txiki bat gobernatzeak ez du zerikusirik beste udalerrietako martxarekin. Larraul nekazal eremuan dago, hori zaindu behar da eta erronka horri heldu behar diogu hurrengo agintaldian. 

Lau urteotako ibilbidea gozamena izan da. Asko ikasi dugu.

PSE-EEko zerrendakideen artean berritasunak antzematen dira. Aurkeztuko al dizkiguzu?

Aurreko lantaldea bere horretan errepikatzeko aukera genuen, zinegotzi guztiek jarraitzeko prestutasua agertu zutelako. Baina garrantzitsua da herritarrei tartea eskaintzea. Uste dut udalerria nahiko ondo ezagutzen dudala, baina beti hobea da bertakoak ere zinegotzien artean izatea. Pili Kortajarena bigarren hautagaia da, eta udalerriaren ezagutza handia du. Oso barreiatuta daude herrikideak eta alor horretan lan handia egingo du Pilik. 

Hirugarren postuan Ander Iturri gaztea doa. Mugikortasun alorreko zuzendaria da Gipuzkoako Foru Aldundian. Bere ekarpena oso baliagarria izango da guretzat. Gazte jendea, euskalduna txertatu nahi nuen zerrendan eta lortu dugu. Mugikortasun alorrean, gainera, ezagutza handia du eta hori Larraul bezalako udalerri batentzat oso interesgarria da. Ez bakarrik Larraulentzat, baita Aiztondo bailarari begira ere.

Ulertzen dugu pozarren zaudela aurkeztu duzuen zerrendarekin.

Halaxe da. Zerrenda plurala da, oso jende ezberdinez osaturikoa. Eta denen ekarpena oso baliotsua izango da. Zinegotzi taldeak dagoeneko herria ezagutzen du, mankomunitateetan eskarmentua dute. Oso lan polita egin dezakegu hurrengo lau urteetan.

Zer nolako harremana izan duzue ondoko udalerriekin?

Asteasurekin harremana ezin hobea da. Pili Legarra pertsona bikaina da, eta elkarlanean aritu gara alor askotan. Udal igerilekuaren erabileran, herri-bideen konponketan... Alkizarekin ere oso harreman ona izan dugu.

Zer nolako agintaldia izan da?

Agintaldi zaila igaro dugu. Udal pilotalekua babestea lortu dugu. Bestalde, Haurreskola berriro ireki dugu eta eskola berriro independientea izatea mugarria izan da. Hori guztia garrantzitsua izan da, eta lorpen horiek sendotzeko ekimen berriak beharko dira. Plan Orokorra eguneratzea izango da erronka nagusia, hurrengo urteetan. Lizitazioa aurrera aterako dugu. Hazkundea izan dezake udalerriak, bereziki gazteek herrian bizitzen jarraitu ahal izateko. Herritarrekin batera lan egin nahi dugu.

 

Larraulgo PSE-EE

Maria Teresa Arana Perez.

Pili Cortajarena Sorarrain.

Ander Iturri Torrea.

Jesus Maria Tejada Cantero.

Jose Antonio Rodriguez Rodriguez.

Maria Mireia Ruiz Delgado.

Vicente García Momblona.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!