"Laster hastekoa den Aiztondoko txapelketan daukagu jarrita ilusioa"

Xabier Lasa 2024ko urt. 31a, 12:00
Pilotarekin ederki asko gozatzen du Esnalek, gazteekin irakasle lanetan zein hainbat modalitatetan jokatuz.

Iñaki Esnal Aizpuruak (Hernani, 1974) Gipuzkoan den pilota eskolarik indartsuenetako bat, Hernani, zuzentzeko ardura hartu du, oraindik orain. Hernanin ez ezik, Larraulgo pilota eskolan ere irakasle-lanetan ari da azken urteetan. Pilotan jokatzen segitzen du, gainera.

Zer ez ote du egin Hernanin jaio eta azken hamasei urtetan Larraulen bizi den Iñaki Esnalek, pilotaren munduan? Badaki zer den pilotari afizionatu izatea konta ezin ahala modalitateetan (eskua, pasaka, bote-luzea, one wall...); profesionala ere izana da eskuz, zortzi urtez.

Era berean, bizitza erdia darama pilotari gazteak prestatzen. Afizionatu mailako pilotaren oraina eta etorkizuna, haren lanik gabe bizi ezin duen pilota profesionala, Larraulen pilotaren osasuna... izan ditu mintzagai, Aiurriri eskaini dion elkarrizketan.

Hamarkadatan, Hernaniko pilota eskola gidatu duen Rufino Rekaldek erretiroa hartu, eta zeu jarri zara bere tokian. Erantzukizun handia al da zuretzat?

Egia esanda, bai, Rufino instituzio bat izan baita ez soilik Hernanin kirol arloan, baita Euskal Herrian pilotaren munduan. Dena den, klubean pilotari nahiz entrenatzaile gisa bizitza erdia daramadanez, ez zait asko kostako moldatzea egoera berrira. Gainera, zenbait ardura (delegatua, entrenatzaileen zuzendari eta seniorren entrenatzailea) hartuko ditudan arren, beste hainbat pertsonak osatzen dute lan-talde teknikoa: hain zuzen, Eneko Aizpitartek, Jon Jarak, Unai Etxarrik, Xabier Salaberriak, Ekaitz Intxaustik eta Gari Arizmendik. Bikaina, lan-taldea!

Eginkizun gehiago hartzea proposatu zidaten, baina nik ezetz, gainerakoan, frontoian bertan logela ipini eta han bizi beharko nukeela erantzun nien erdi-txantxetan. Bai baitauzkat bizitzan zaindu eta goxatu beharreko beste hainbat arlo, familiatik hasita, lanbidea (lorezaintza), aisialdiko zaletasunak... 

Nola ikusten duzu osasunez CD Hernani pilota eskola?

Gipuzkoan punta-puntan dabilen kluba da, egitura sendoa du, eta prestutasun handiko guraso taldea dauka gertu. Une honetan 60 bat pilotari gazteekin osatuko da kluba, eskuzkoak gehien-gehienak; palan bakan batzuk dabiltza, neskak batik bat. Gainera, gaztetxoenen kasuan, harrobi galanta etorri zaigu oraintxe, 30 ume bai! Ia denak futbolean ere badabiltza, eta badakigunez galbahea helduko zaigula goiz ala berandu, bada, horietatik dexenteko taldea geratzea etorkizunean, itxaropen horrekin konformatzen gara! Kantitatetik kalitatea irteten da normalki, eta esate baterako, dauzkagun 16 infantiletatik, lauk Gipuzkoako txapelak irabazi dituzte binaka eta banaka. 

Hernanin, lanketa ederra eginez sasoi onean dabiltza beste hainbat kirol. "Lehia" edukiko duzue horiekin... 

Halaxe da, futbola, eskubaloia, errugbia, boleibola... Jaiotza-tasa gainbeheran doan honetan, beste gainerakoek futbolarekin lehiatu beharrean gara sekula baino gehiago, eta, badakizu, hark gizartean daukan oihartzunarekin ez dagoela erraza! Gainera, pilotan aparteko gaitasunak dauzkana, futbolean ere nabarmenduko da, normalki. Bestalde, kirol guztiek ere, mugikorrarekiko menpekotasuna dute etsairik handiena egun, horixe da gizarte moderno honen ajea! Horri aurre egiteko, nork ote formula magikoa?

Larraulen pilota eskola ere zuzentzen duzu.

Hamabost bat urte izango dira pilota eskola martxan dela Murgilazpi pilotalekuan, udalak antolatuta. Bikote ugari heldu ginen Larraulera bizitzera hasiera hartan, eta geroztik jaiotako haurren belaunaldiak osatu du gehienbat, eskola. Aurtengo denboraldian, bederatzi-hamar gazteekin ari naiz lanean. Astelehenero geratzen gara; egun bakarra ez da nahikoa, eta zenbait inguruko pilota eskoletara joaten dira, hobetzera. Oraintxe, laster hastekoa den Aiztondoko txapelketan daukagu jarrita ilusioa.

Zer irakasten diezu gazteei, Larraulen nahiz Hernanin?

Prestakuntza teknikoa, lehenik eta behin, jakina. Baina aldi berean, pilotaren jokoa nola bizi, nola sentitu transmititzen saiatzen naiz. Pilotan ez baitago misteriorik, beste kirolen antzera. Ingelesa, dantza edo eskolaz kanpoko beste hainbat ekintzekin alderatzen da maiz, pentsatuz nahikoa dela astean behin-bitan klasea jasota. Baina ez luke izan behar horrela. Pilotan sakondu nahi duenak, pilota bizi egin behar du, eskua zaildu egin behar du, eta zergatik ez, pilota patrikan eraman behar luke edozein hormetan noiznahi jokatzeko prest. Adibide txiki bat jarriko dut: urtarrilaren 13an Hernaniko frontoian, Rufinori egin zitzaion omenaldian, partiduak bukatu eta agudo, umez josi zen frontoia, denak txokotara! Hori da afizioa edukitzea! Bide erdia egina dago horrela!

Iaz, Larraulek Gipuzkoako Herriarteko txapelketan parte hartu zuen.

Gertakizun historikoa izan zela esango nuke, ez baitut uste sekula aurkeztu zenik txapelketa ospetsu horretan. Eta aintzat hartzeko datua behar luke izan, 250 biztanle dituen herria izanik... Herrikideak oso gertu sentitu genituen beren animoekin, nahiz eta lehenbiziko kanporaketan, zein eta Azpeitia egokitu behar! Aurten ere taldea aurkezteko gogoa ez zaigu falta; herritarrak gertu-gertu edukitzea eta Larraulgo herriarentzat festa bilakatzea, horixe espero dugu. Eta ez harritu txapelketan ezustekoren bat emango bagenu! 

Bote-luzean ere larrauldarrak sendo zabiltzate.

Pena pixka bat ematen dit, baina izugarri polita den modalitate honetan, Gipuzkoa osoan, Oiartzungo eta Larraulgo herrietan soilik osatzen ditugu taldeak. Probatzen duenak, segi nahi izaten du. Galdetu bestela, beste kiroletatik gure Larraulgo taldera etorri direnei... Joan den azaroan, Gipuzkoako bi taldeak Euskal Herriko txapelketa jokatu genuen, Gipuzkoa ordezkatuz. Aurtengo denboraldian ere, iazkoa errepikatu egingo dela ematen du. Larraulen taldea osatzekotan gara, behintzat.

 

Elkarrizketa osoa irakurgai dago Aiurri 641 hamaboskarian

 

Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:

  • Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.
  • Amasa-Villabona: Basajaun liburu-denda eta Amasa kafetegia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!