Leizetaren garbiketa prozesuaren inguruko hitzaldia, Larraulen

Aiurri 2025eko azaroaren 21a

Lurpea Garbi elkarteko kideek hitzaldia eskaini dute gaur Larraulgo kulturaldiaren baitan. 19:00etan hasita, bete egin da Eskolako areto nagusia. Bertan ziren Larraulgo alkate Maite Arana edo Jose Ignacio Asensio lehen diputatu nagusiordea ere.

Ingurune karstikoetan lurpea garbi izatearen garrantziaz mintzatu dira, bereziki, Lurpea Garbi elkarteko kideak. Kobazulo eta leizezuloetan pilatutako hondakinek lurpeko ura kutsatu dezakete eta hori garbi azaldu dute gaur arratsaldeko hitzaldian. 

Tolosaldeko hainbat leizek gaur egun duen egoera erakutsi dute irudi bidez, horiek garbitzeko beharra azpimarratzearekin batera. 

Larraulgo Leizetan egindako lanak azaldu dituzte jarraian. "Gisa honetako leize batean egindako lehen garbiketa lanak izna dira Larraulgoan, aitzindaria izan da. Hainbat protokolo finkatzeko balio izan du, eta oso garrantzitsua izan da hori".

Tolosaldean ari da lanean Lurpea Garbi elkartea. "48 puntu ditugu lokalizatuta eta horiek garbitzea da gure helburua. Horrez gain, zabalkundea egitea ere garrantzitsua da, eta gure ondorengoekin elkarlanean aritzea. Horiek dira etorkizuna, eta erakutsi egin behar zaie zenbateko garrantzia duen lurpea garbi izateak"

Behin eta berriz azpimarratu dute zein den lan hauek egitearen helburu nagusia: "Osasun publikoko arazo baten aurrean gaude. Edateko ura kutsatzen dute eta. Horrez gain, natur ondarea, fauna... hainbat ertz gehiago daude kontuan hartzeko". 

10000 kilo hondakin inguru atera zituzten Larraulgo Leizetatik. Aiurrik eman zuen lan horien berri, urrian kaleratutako artikuluan. 

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!