Asteroko hitzorduekin herritarren arteko saretzea eta bizitza soziala indartzeko asmoz Udaleko kultur batzordeak eta herritarrek elkarlanean prestatutako egitarauak denetariko ekintzak biltzen ditu, herri txiki batek eskain dezakeen aniztasunaren eta gogoaren erakusgarri garbia eginez.
Ekimenaren bultzatzaile nagusia Udala bada ere, egitarauko jarduerak aurrera eramateko herritarren inplikazio eta laguntza ezinbestekoa da. Egitasmoari forma emateaz eta dena koordinatzeaz arduratzen da Mirari Errondosoro, herriko kultur teknikaria. Alabaina, antolakuntzaren atzean sare zabala dago; adibidez, hitzordu klasiko eta garrantzitsua dena Katilutxulo elkartetik kudeatzen da zuzenean; upategirako irteera. Horrez gain, talo eta gaztaina-jatea ere bertan egiten dute. Taloak jo eta prestatzearen lana ez da makala, eta jardun horretan laguntzaileak behar izaten direnez, urtero deialdi zabala egiten da herritarren artean. Izan ere, herritar batzuek urte asko daramatzate aste kulturalaren bueltan lanean; esaterako, gaztainak erretzen dituenak bi hamarkada inguru daramatza udazkenean hain harrera ona izaten duen fruitua danbolinean prestatzen.
Ekimen sakratu bilakatutako ohiturak
Egitarauan badira urtero hutsik egin gabe eta arrakastaz errepikatzen diren hitzordu bi, antolakuntzakoen hitzetan "sakratuak eta kenduezinak" direnak: bata, upategira egiten den irteera da, eta bestea, hilaren amaierarako gorde duten talo eta gaztaina-jatea. Upategiko bisitara elkarteko kideak zein herritarrak elkarrekin joaten dira, eta autobusean lekurik geratuz gero, inguruko herrietakoei ere luzatzen zaie gonbita. Talo eta gaztaina-jateak berriz, herri mailako erantzunik handiena lortzen du, jende gehien biltzen duen unea izaki. Helburu nagusia, azken finean, herritarrak elkartzea, festetan bezala bateratzeko espazioak eskaintzea, eta harremantzeko tartea sortzea da.
Tradiziotik ekimen berritzaileetara
Urteroko hitzordu finkoez gain, azaro osoan zehar garatuko den egitarau zabalak denetariko proposamenak bilduko ditu. Hilabetea hasteko, azaroaren 6an, Bularretik ehundutako aitortzak dokumentala eskainiko dute Urkipe etxolan Amaia Iparragirrerekin, eta azaroaren 7an Miriam Loidiren Artile ontziak tailerra egingo da. Halaber, azaroaren 13an, Traineras, pasión por el remo ikusteko aukera egongo da, erabilera anitzeko gelan. Eskainiko diren film hauetan guztietan, gainera, helburua ez da ikus-entzunezkoa ikuste hutsa, filmen zuzendariak eta ekoizpenean parte-hartutako emakumeak bertaratuko direnez, esperientziak elkarbanatu, solasaldi goxoa ireki eta ikusleen arteko hausnarketak bultzatzea bilatu dute. Horrez gain, azaroaren 14ko upategiko irteeraren ostean, azaroaren 17an Helena Agellek koadernaketa tailerra emango du liburutegian Irakurritako liburuak, bizitako liburuak izenpean.
Azaroaren 19an Nora Salbotx idazleak Hezitopia izeneko lan berria aurkeztuko du. Egitarauarekin jarraituz, azaroaren 20an Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai bakarrizketarien Eskailerapekoa umore saioaz gozatu ahal izango da.
Natura eta ingurumenaren zaintzari ere haien lekua emango diote. Azaroaren 21ean mendi irteera egingo da inguruneak garbi mantentzeko, urteroko txangoa Larraulgo mendi inguruneak garbitzeko probestuko baitute. Arratsaldean berriz, Udal atarian liburu trukerako armairu berria prestatuko da. Larrauldarrek taloak eta gaztainak jateko aukera izango dute hurrengo egunean.
Hilabeteari amaiera emateko, azaroaren 28an emakumeentzako autodefentsa tailerra hartuko du erabilera anitzeko gelak, eta abenduaren 2an Andrea Bellaren Euskara eta biok liburu aurkezpenarekin itxiko da zikloa, liburutegian.
Berrikuntzak iragarri dituzte
Aurtengo berrikuntza nagusietako bat azaroaren 22an plazan egingo duten Truke Azoka izango da. Herriko bileretan bildutako proposamenetatik sortua, salmenta soila izatetik urrun, trukea eta kontsumo arduratsua sustatzea du helburu, arropak, liburuek zein etxeko tresnek bigarren bizitza izan dezaten.
Funtzionamenduari dagokionez, hiru bide egongo dira: truke zuzena egitea (behar duzuna aldatuz), objektuak prezio sinbolikoan saltzea, edota posturik jarri gabe parte-hartzea, objektuak bertan utzi eta amaieran gelditzen direnak berriro jasoz. Antolakuntza hobeto bideratzeko, azaroaren 17a baino lehen izena eman behar da liburutegian, 634 289 327 telefonoan edo kultura@larraul.eus helbidera idatziz.
Erreportaje osoa irakurgai dago Aiurri 702 hamaboskarian
Aiurri aldizkaria harpidedunek soilik jasotzen dute etxean. Harpidedun ez denak kioskoan eros dezake hamaboskaria eskualdeko ondoko saltokietan:
- Andoain: Ernaitza eta Stop liburu-dendak.