Hezitopia liburua aurkezten izango da Nora Salbotx iruindarra Larraulgo Herri Eskolan. Azaroaren 19an 17:30ean aurkeztuko du egileak bere azkeneko lana. Koldo Rabadan andoaindarra eta gibelsolasaren egilea solaskide izango du.
Salbotx landa eremuko hezkuntzan da aditua, eta azken lan honen aurretik, “Askatu edo moztu. Euskal hezkuntzagintzaren erronka zahar eta berriak” hezkuntzari buruzko saio politikoa argitaratu zuen 2021. urtean. Horrekin batera, “Transgresioa irakasgai: hezkuntza askatasunaren praktika gisa” euskarazko edizioaren hitzaurrea idatzi zuen.
Herri bat hezitzailea dena
Alegiazko herri bat biltzen du argitara atera berri duen lanak. Hezkuntzarako, eta, oro har, jendarterako utopien proposamen bat osatzen du. Hezkuntza arloan ibilbide luzea du idazleak, eta hezkuntzaren egungo ildo, hutsune nahiz akatsei ametsekin erantzuten die saiakera honetan.
"Hezkuntza bera zaintza gisa hartzen duena, eta zaintzari adiera hezitzailea aitortzen diona. Hezkuntza komunitatean ari diren eragile guztiak parte hartzera, gorputza jartzera, gonbidatzen dituena. Haurrak ez ezik, helduak ere heziko dituena. Euskaraz eta euskaratik eginen duena. Natura eta hark eman diezagukeen ezagutza aintzat hartuko dituena. Teknologiaren ezarpenari galga jarriko diona. Hezkuntza bat, funtsean, askeago jendarteratzeko balioko duena, eta, aldi berean, askapen kolektiboari ekarpena eginen diona. Jendarte bat, esan gabe doa, feminista, euskalduna, antikapitalista, ekologista izanen dena, finean, demokratikoa."
Kultur ekimen ugari azaroan
Larraulgo Udalak azaro kulturalerako kultur egitasmo ugari antolatu ditu. Azaroaren 6tik hasi eta abenduaren 2ra arte astero jarduera anitzetan parte-hartzeko aukera egongo da. Egitarauko ekimen guztiak Aiurriko agendan kontsulta daitezke.