Hezkuntzarako eta jendarterako utopien proposamena, Hezitopian

Iraia Sanchez Arregi

Euskal Herritik eta Euskal Herrirako idatzi zuen utopia Nora Salbotx iruindarrak, Larraulen izan da bere azken lana aurkezten azaro kulturalaren baitan.

Nora Salbotx idazle iruindarrak Hezitopia izeneko bere azken lana aurkeztu du Larraulgo Herri Eskolan. Azaro kulturalaren barruan ekimen ugari antolatu ditu herriko Udalak, horien artean Salbotxen liburu aurkezpena egin dute.

Irakurzale zein hezkuntzaz arduratutako herritarrak bertaratu ziren Hezitopiari buruzko solasaldira. Egilearekin batera, Koldo Rabadan Larraulgo eskolako irakasle eta Hezitopiaren gibelsolasaren egilea saioa bideratzen aritu zen. Aurkezpenari sarrera emateko, liburuaren akrostiko bat osatu zuen Rabadanek, izenburuko hizki bakoitzari Hezitopiak barne-biltzen duenaren zentzua emanez.

Liburuak eragiteko helburua duela aitortu zuen iruindarrak, Euskal Herritik eta Euskal Herrirako idatzi nahi izan zuen utopia. Hori, baina, harentzat “erronka handia” izan dela onartu zuen. Iritzi artikuluak edota saiakerak idaztera ohituta badago ere, lehenbiziko aldia baitu utopia bat paperean garatzen duena. Fantasiaren bidez ametsak inspiratu eta irakurlea hausnarrarazi nahi izan du.

Biharko errezeta baino, helmuga ikusezina

Utopia bat ez da “biharko errezeta bat”, Ines Osinagak musikatutako Joseba Sarrionandiaren hitzek dioten bezala, “ez dugu ikusten porturik, baina haruntz goaz”; esaldi horrek transmititutakoa hartu du inspiraziotzat. Horrekin batera, idazlearentzat inspirazio-iturri izandako hainbat autore aitatu zituen, horien artean, Juan Gravek idatzitako “Las aventuras de Nono” ipuin utopikoa nabarmendu zuen.

"Esperantzaren alegatu bat da"

Bere hausnarketak antolatu eta azken lan honetan egituratu zituen. Gai sakonak lantzen ditu, baina, aldi berean, irakurterraza dela adierazi zuen.

Alegiazko herri bat biltzen du argitara atera berri duen lanak. Hezkuntzarako, eta, oro har, jendarterako utopien proposamen bat osatzen du. Hezkuntza arloan ibilbide luzea du idazleak, eta  hezkuntzaren egungo ildo, hutsune nahiz akatsei ametsekin erantzuten die saiakera honetan.

Eskola egun batek emandakoa

Esperantzaren alegatu honetan, gai potolo pila lantzen ditu Salbotxek. Eskola egun bat hartu du oinarritzat istorioan zehar, zoom bat egiten du bertako bizipen eta subjektuetan. Eskola hasi orduko zaintza han zen, horrela ematen dio hasiera liburuari. Hari horretatik tiraka, aurreneko atalean zaintza lantzen du, “bere buruan zaintzeaz gain, ondokoa zainduko duen gizarte bat” behar dela aldarrikatu zuen.

Eskolako irakasleez gain, hezkuntzako langile guztiak jarri nahi izan ditu erdigunean. Gorputzak nola kokatzen diren eta horiek ikasleen gorputzei nola begiratzen dien ere aztertu du. Horrekin batera, teknologiaren hedapenak arlo guztietan eragiten duenaz hausnartzen du, “teknologia gure zerbitzura dago edo gu teknologiaren zerbitzura?” galdera erretorikoarekin irakurlearen gogoetei bide emanez.

"Jolastea jolasteagatik egitea beharrezkoa da"

Bi mapa desberdin azpiatalean gure hezkuntza-sistemaren arrakalak jarri ditu jo-puntuan. Izan ere, Euskal Herriaren zatiketa eraginda, geure lurretan hiru hezkuntza-sistema ditugula jarri zuen auzitan.

Jolasaren garrantzia

Txirrinak jotzen duenean, espazioek jokatzen duten papera aztertu du. Eta bertan, jolasari bere pisua eman dio. Jolastea jolastea beragatik soilik egitea beharrezkoa dela nabarmendu zuen, eta ez diegula zertan jokoei helburu zehatzik jarri behar, umeei aske jolas daitezen uztearen garrantzia azaleratuz.

Esparru ugari lantzen ditu Salbotxen obra honek, eta nahiz eta istorio utopiko baten kontakizuna izan, bera irakaslea den Amaiurko eskolako bizipenak inspiratutako gertakizunak aurki daitezke irakurketaren barnean.

Hezitopiaren akrostikoa

  • H: haurra
  • E: emakumea
  • Z: zaintza
  • I: ipurtargia, ilunak pizteko
  • T: tokia
  • O: borobila, ertzak leuntzeko
  • P: purru patatak
  • I: irria
  • A: aberria
  • N (hitzaurrearen eta gibelsolasaren egileek gehitua): Nora

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!