Prentsa ohar bidez bidali zuten oharrean, Eneko Andueza PSE-EEko Gipuzkoako idazkari orokorrak eta Herme Gonzalezek Urnietarako egitasmoak aurkeztu zituzten. Herme Gonzalezek prest dagoela dio: "Egitasmo parte hartzaile eta errealista aurkezteko eta garatzeko prest nago. Eta hori aurrera ateratzeko esperientzia eta kudeaketarako gaitasuna duen lan taldea dut alboan". Besteak beste, gazteen aldeko politika aktiboak martxan jarri nahi dituzte. Baita adinekoentzat egoitza berria eraikitzea edota zaintzapeko etxebizitzak eskaintzea ere.
Azken urteotan udalgintzan aritu ez arren, Herme Gonzalezek ez du politikagintza alde batera utzi. Gipuzkoako Batzar Nagusietan batzarkidea izan baita.
Eneko Andueza Gipuzkoako PSE-EEko idazkari orokorrak erronka ipini zion alderdikideari: "Urnietan EAJ-PNVren gehiengo osoarekin amaitu behar da. Urnietak bultzada berria behar du. Sozialistena egitasmo zehatza da, ezkerrekoa eta Urnietarekin konpromisoa erakusten duena. Herriko arazoei irtenbidea emateko talde prestua dugu".