Zer dela eta hartu zenuen alkategai izateko erabakia?
Saltsa guztietako perrexila naiz, eta Urnietako egunerokotasunean fronte askotan nabil sartuta. Herriko elkarteetan, ikastolan, zerbitzu eta mertakaritza munduan, larrutan bizi dut etxebizitzaren arazoa... Hautagaitzarako proposamena iritsi zitzaidanean, Urnietako etorkizunari begira ekarpenak egin ditzakkedala ikusi nuen. Toki egokia da EH Bildu.
Zer nolako ekarpenak egiteko asmotan zabiltza udalgintzan?
Politikarekin baino gehiago herriarekin daukat harremana. Herrigintzan parte hartzen dut eta herritar gisa sumatzen ditudan gabeziak eta zailtasunak udaletxera eraman nahi nituzke. Iruditzen zait udalgintzan ez dela jardun behar goitik beherako begiratu batekin; herrigintzan txertatu behar da, hemengo jendearekin egon eta bizi, herrian sortzen diren ekimenetan parte hartuz eta bultzatuz.
Nola definituko zenituzke Urnieta eta urnietarrak?
Osagai ugari eta oso aberatsak daude Urnietan. Badira hainbat arlotan elkarteak eta taldeak, baina beraien artean ez dago konexiorik, ez da harremanik lantzen. Urnieta 'herri logela' bilakatu da. Donostiako auzoa dirudi maiz, eta eskualde zein herrialde mailan egiten den politikak horrela izatera bultzatzen du gainera. Zerbitzuak zentralizatzen ari dira, eta merkataritza ere husten ari da. Oro har, herrigintzan parte hartze gutxi dago, apatia moduko zerbait. Batek esaten zidan lehenengo batean: “Urnieta oso erosoa da, ez du arazorik sortzen, bakea dago bertan”. Eta egia da. Bakea denok dugu maite, baina ez apatiarekin zerikusia duen bake klase hori. Urnietar izatearen harrotasun hori falta sumatzen dut, eta “gerra” modu eraikitzailean emango duena. “Gerra” emango diena udal ordezkariei, horiek lanez gainezka jarriko dituena, eta legegintzaldi amaieran erreleboa eskatzera behartuko dituena.
Zer egin dezake Udalak errealitate horri aurre egiteko?
Apatia horren kontrako mekanismoak ipintzea behar luke izan Udalaren ardura. Gizarte, kirol eta kultur elkarteei laguntzak eskaini behar zaizkie. Dinamika biziak sortu behar dira. Ez du balio herritarrek edo elkarteek egiten dituzten proposamenak entzutea, eta gero erantzunik ez ematea. Eta hori da maiz Urnietan gertatzen dena. Mingarria da isiltasuna, erantzun gisa; horrek, azkenean, tristetu eta otzandu egiten du proposamenekin agertu den herritar hori, ilusioa zapuzten zaio.
Nola definitzen duzu zurekin doan hautagai taldea?
Bi taldetan banatuta dago. Lehenbizikoak badauka eskarmentua udalgintzan, urtetan aritua delako. Eta beste erdiagatik esango nuke inoiz ez dela sigla baten pean agertu, ez lehen lerroan ezta bigarrengoan ere; baina herriko ekimenetan zeharo bustita dabil. Bien batura aberasgarria da; eta garrantzitsuena dena, denek ere elkarlanean aritzeko ilusioa daukatela.
Lekaion egin zenuen aurkezpen ekitaldian, herritarrei udal lan taldean integratu edo ekarpenak egiteko gonbitea luzatu zenien.
Oso baikorra izan da erantzuna. Frogatu ahal izan dugu urnietarrek badaukatela zeresana, eta iritzia emateko gogoz daudela. Hainbat arlotako jende ugarirekin egon gara, eta denei ere galdera berbera egin diegu: nola ikusten duzu Urnieta? Prest azaldu gara proposamenak jasotzeko; hori bai, printzipio gisa ez dugu onartzen “hau ez zait gustatzen” huts bat. Esaldiak proposamen eraikitzailea ekarri behar du berarekin. Arloz arlo, zenbait ildo ezarri ditugu. Proposamen asko ez dira epe motzean egingarri izango, baina lan dinamika bat sortzen ari gara udalgintzan inplikatuko dena.
Zeintzuk dira zuen hauteskunde programaren ildo nagusiak?
Gazteei dagokionez, biltoki bat proposatzen dugu, beraien dinamikak pizteko; transmititu behar zaie parte hartzen segi behar dutela, eta Udaletik erantzunak emango zaizkiela. Oso modu larrian bizi dute etxebizitzen eta alokairuen gaia, Urnieta uzten ari dira, eta errealitate hori ekiditeko neurriak ezarri behar dira Udaletik. 0-18 urte bitarteko hezkuntza publikoa herrian txertatzeari ere garrantzia eman diogu.
Familiei begira, Urnietak biltoki estali baten premia dauka. Aitona-amonek funtzio garrantzitsua betetzen dute kontziliazioan, eta horiei ere babesa eman behar diegu. Herriko komertzio eta zerbitzuetara bideratu dugu laugarrena, begi-bistakoa baita horiek biziberritzeko mekanismoak abian jarri behar direla. Xoxoka auzoa du jomuga laugarren atalak. Aparteko munduak dirudite maiz. Berdintasunaren aldeko politikaz gain, emakumeak ahalduntzeko lekua behar da.
Zein da maiatzaren 26rako egiten duzun aurreikuspena?
Pronostikoa baino gehiago, ilusioa aipatuko nuke, eta desio bat: gazteak eta helduak joan daitezela botoa ematera.
Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer?
Proiektuak aztertu beharko dira. Une honetan, batik bat garrantzitsuena guretzat, lau urtera begirako herrigintzaren aldeko dinamika abian jarri izana da.