Duela lau urte ezustekoa eman zenuten Urnietan, hautagaitza ez ohikoa eta ezezaguna aurkeztuz. Zeintzuk dira berriro ekiteko arrazoiak?
2011n Lekaiora bozkatzera gerturatu nintzenean ez nuen ni ordezkatzen ninduen alderdirik aurkitu. Orain dela 5 urte, Aulki Zuriak alderdiarekin harremanetan jarri eta 2015eko tokiko hauteskundeetara aurkeztu ahal izateko hautagaitza eratu nuen Urnietan. Orduko hartan 166 urnietarrek erabaki berdina hartu zuten. Oraingo hauteskundeetan ere berriz aukera berdina eskaini nahi diet urnietarrei. 200 boto inguru ordezkaritza lortzeko, 200 boto besterik ez. Herritar ugari daude, azken lau urteetan jasan dugun gobernatzeko eraren eta egin den oposizio eraren aurrean, ezinegona eta desadostasuna azalarazi nahi dutenak; alderdi politiko berri baten bila daudenak. Gure taldea egoera hori zuzentzeko aurkeztu da. Ordezkatuak sentitzen ez diren herritarrei bozka aukera bat emateko asmoz aurkezten gara.
Zuek botoa eskatzen duzue, gero udal ordezkaritzari uko egiteko. Azal ezazue hori.
Guk ez dugu ordezkaritzari uko egiten. Bozka ematen digutenak ordezkatuko ditugu. Beste kontu bat da ordezkaritza hori nola egikaritzen den; gure kasuan, zinegotzi eserlekua libre utziz egiten da. Gu hautatzen gaituzten urnietarren profila anitza da. Ondorioz, eserlekuak libre edo hutsik uztea aukera egokiena, argiena eta garbiena dela deritzogu.
Nor dago mugimendu honetan? Zu zeu urnieatarra zara, taldekide gehiago dituzue? Urtean zehar dinamikari ba al duzue?
Bai, ni urnietarra naiz eta nirekin zerrendan doazen lagun guztiak nirekin bat datozen pertsonak dira. Gurea alderdi apala da. Erakunde publikoetatik eratorri daitezkeen edozein soldata zein diru sarrerei uko egiten dien alderdia gara; afiliatu eta laguntzaileen ekarpenak bakarrik ditugu sostengu. Horrek guztiak mugatzen du gure lan dinamika. Azken urteetan lan isila eta apala garatu dugu Urnietan: bana-banako elkarrizketak izan ditugu gure ingurukoak direnak aitortu diguten pertsonekin.
Urnietan sinadurak biltzeko deialdia egin zenuten. Zein zentsazio iritsi zitzaizuen orduan?
Sentsazio oso baikorra jaso genuen. Sinadura ematen zigunak ezagutzen gintuen, eta hurrengo toki-hauteskundeetan zer egiteko asmoa genuen galdetzen zigun. Aurkezteko asmoa genuela aipatzen genienean esker hitzak jasotzen genituen. Urnietan bozka emateko aukera gutxi zeudela azpimarratzen ziguten.
Gainerako alderdiei programari buruz galdetzen diegu, atal honetan zer duzue esateko?
Herritarrei proposatzen dieguna berezia da. Guztiz aldentzen da beste alderdiek egiten dituzten promesa sortengandik. Pertsona guztiek bozkatzeko eskubidea dute; baina, bozka guztiek ez dute berdin balio. Alderdi politiko nagusietan ordezkatuak sentitzen ez diren herritarrak behartuta daude bozka zuria bozkatzera edo baliogabea aukeratzera, bozkatu gabe geratzera, edota guztiz gogoko ez duten zerbait bozkatzera; beraz, euren aukera inoiz ez da udaletxean islatua izaten. Ondorioz, betiko alderdi nagusiek, Hauteskunde Legeaz baliaturik, eserleku guztiak –eta diru guztiak– euren artean banatzen dituzte. Gure hauteskunde programa lerro batean laburtzen da: "Lortuko diren eserlekuak libre uztea, edozein soldata zein diru sarrerei uko eginez". Herritarrek eserleku bat hutsik uzteko eskubidea dutela defendatzen dugu; beraz, eserleku horrek herritarrei ez die euro bakar bat bera ere kostatu behar.
Konpromiso hori lotu nahirik, Aulki Zuriak – Escaños en Blanco-ko zerrendaburuek, notario baten aurrean, adierazi eta sinatu dugu lortuko ditugun eserlekuak libre utziko ditugula. Notario baten aurrean hori egiten duen alderdi bakarra gara, gure hitza beteko dugunaren adierazgarri.
Bestetik, Aulki Zuriak udalean lortzen duen presentziak sistema politikoaren kalitate demokratikoa neurtzen du. Geratzen diren eserleku libreak ohiko alderdi nagusiek ordezkatzen ez dituzten herritarrenak baitira.
Boto protesta al da zuena? Abstentzionista aktiboak zarete? Nola definitzen zarete?
Aukera politiko aproposa aurkitzen ez dutenen aukera gara. Bozka zuria ematen dutenen aukera gara, beren bozka zuri eta aktiboa eraginkorra bihurtzen dugulako; protesta egin duenaren aukera gara, bere protesta eserleku huts batean islatua izango delako; abstentzioan geratzen direnen aukera gara, guri bozkatuz betiko alderdiei euren abstentzioa ez dela zerbait pasiboa adierazten dielako.
Baina, argi gera bedi. Guk ez dugu abstentzioa bultzatzen. Guk hauteskundeen bidez bideratua dagoen parte hartze demokratikoa bultzatzen dugu. Ahalik eta pertsona gehienek parte hartu dezaten bultzatzen dugu; horrexegatik, bozka zuria ere baliagarria izan dadila aldarrikatzen dugu.