Zer dela eta itzuli zara lehen lerrora?
Itzuli baino, ez naizela sekula joan esango nuke. Hogei urtez zinegotzi lanetan aritu nintzen. Beti oposizioan, oso erregarria da. Lan asko da, ikusten ez dena. Frustrazioa nagusitzen da, norberaren egitasmoak ez baitira aurrera ateratzen. Afiliatuekin adostuta atseden hartzea erabaki genuen, baina Frutosi laguntzeko gertu izan naiz beti. Gipuzkoako Batzar Nagusietan izan naiz, eta esperientzia pilatu dugu.
Herri modura, zer da zuretzat Urnieta?
Gipuzkoan barrena gabiltza kanpainan, eta Lazkaon izan berri naiz. Urnieta baino herri txikiagoa da, eta aldiz giro hobea dago. Herriari giroa falta zaio, eta herritarrek bertan bizitza egitea falta da. Kontu politikoa da, agintean daudenek giro hori ahalbidetu behar dutelako. Festetan ere hori ikusten da, ez da denentzat antolatzen. Eta egunerokoan ez da jenderik ikusten kalean. Idiazabal kalea indartu da, eta hemen periferiak sortzen ari dira. Urraka, esaterako, baztertu samar dago.
Zergatik ez da Urnietan gauzatu Gipuzkoa mailan EAJ eta PSE-EEren artean dagoen adostasun markoa?
Urnietan ez da gauzatu, inondik inora. Agintaldi honen hasieran alkatearengana hurbildu ginen. Gehiengo osoa zutela jakin bagenekien, eta hala ere lankidetza eskaini genien baina ez zuten ezer jakin nahi izan. Are gehiago, gurekiko ez dute inoiz tratu ona erakutsi. Bake eta bizikidetza plana utzi genuen, Urnietako Udala bizikidetzan ez zelako eredugarria.
Zer aldatu beharko litzateke?
PSE-EEk hauteskundeak irabaztea, hori litzateke aldaketa handiena. Zaila da, baina euren aldetik jokabidea aldatu beharko litzateke. Bestalde, argi esan nahi dut: Urnietan oposizioa egin duen alderdi bakarra PSE-EE izan da.
EAJ-PNV aldiz garaile izaten ari da hauteskunde guztietan.
Bai, agerikoa da hori. Errespetatu beharra dago, nahiz eta ez konpartitu. Guk aukera bat aldarrikatzen dugu. Esan ohi dudan bezala, EAJ-PNVk irabazten ez badu eguzkia berdin berdin aterako da. Bitxia da, hauteskunde ezberdinetako datuei erreparatuta Urnieta ezkertiarra da. Eta zergatik agintzen du eskuinak?
Matematikoki posible balitz, orduan, PSE-EE eta EH Bilduren arteko akordioa gerta liteke?
Beno, hori nire eskuetatik kanpo dago. Ez da Urnietako kontu bat. Alderdien arteko kontua da hori. Esan nahi dudana da ezkertiar joereko boto asko dagoela Urnietan.
Zeintzuk dira zuen egitasmo nagusiak, hauteskunde programan bilduko dituzuenak?
Etxebitzaren gaia kezkagarria da, oso. Mañeruko etxebizitza sorta kenduta, ez da egitasmorik bideratu azken 18 urteotan. Datu ikaragarria dugu eskuartean: 2017an Urnieta utzi zuten 25-35 urte arteko gazteak 100 izan ziren. Benetako arazoa hori da. Ez da gazteriako arazoa bakarrik, horrek jaiotze tasaren murrizketan eragiten du. Jaiotzen tasa erdira jaitsi da. Ikastetxeei eragiten die, eta baita bizitza sozialari ere. EAJ-PNVk dio etxebizitzaren arazoarekin ez duela zerikusirik, eta guk uste dugu baietz. Zerikusi zuzena du. Etxebizitzaren aldekoa izango da gure benetako apustua. Gazteak Urnietan gera daitezen, eta bizitza bertan egin dezaten.
Igerileku estaliaren alde egingo du. Kiroldegian ere taberna eta kafetegia egotearen alde egingo dugu. Kiroldegiaren aldeko eskaera historikoetan eta azken parte hartze prozesuetan igerileku itxiaren aldeko milatik gora sinadura bildu dira. Hori aldarrikatzen duen bakarra gara.
Aldundiarekin zaharren egoitza eraikitzeko hitzarmena dugu, eta konpromiso hori betearazteko hortxe egongo gara.
Aisialdi gunea estali nahi dugu Etxeberri plazan, askoren eskaera baita. Eta baita haur parke bat estaltzea ere.
Eta zein beste alor edo atal indartu nahi dituzue?
Ezkerreko politikak egin behar dira, besteak beste, berdintasunaren alorrean. Duela hamalau urtetik hona Jaurlaritzarekin adostuta dagoen hezkuntza kanpus berria gauzatu behar da, Gaztetxe bat Mikaela Enean. Gazte askoren eskaria da, eta ez zaio eraikin horri erabilerarik ematen. Utzikeriagatik eroriko da, eta erabilera eman behar zaio horri. Udal zerbitzuak bateratu egin behar dira. Herri txikia da eta Udal zerbitzuak oso barreiatuta daude. Herritarren segurtasuna bermatu egin behar da, azken garai hauetan gorabeherak gertatzen ari baitira. Eroskira doan arrapala irisgarri bihurtu behar da eta benetako parte hartzea gauzatu behar da Urnietan.
Zein da maiatzaren 26rako egiten duzun aurreikuspena?
Zaila da, baina lehentasunezkoa da EAJ-PNVk gehiengoa galtzea. Ikusi baitugu ez dela batere ona. Gure proposamen asko ez dituzte kontutan ere hartu.
Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zer?
Gipuzkoa mailan jeltzaleekin akordioa berresten bada, Urnietan oso zail ikusten dut hori. Antipodatan gaude. Adibideak: Kiroldegia, igogailua, bizikidetza, propagandara eta kontrataziora bideratzen duten dirutza...