Zein ekarpen egiten dio Mikel Pagolak Udalgintzari?
Mikel Pagolak bere horretan ez, ekarpena Mikel Pagolarekin batera aurkezten den taldeak egiten dio. Herriari eta herrigintzari begira, aurkezten dugun talde berriak bi gauza uztartzen ditu: Udalgintzan esperientzia duen taldea, baina baita ideia berriak dakartzan taldea. Kide berriak herrigintzan eta kolektibo ezberdinetan lan egindakoak dira.
Zer dela eta hirugarrenez hautagai izateko erabakia?
Lehenik eta behin, argi eta garbi, alderdiak eskatu didalako. Alderdiaren eta alderdikideen eskaera izan da. Indartsu ikusten dut nire burua eta, tamalez, abian jarri ditugun egitasmo batzuk ez ditugu bukatu. Oso konprometitua eta burugogorra naiz, egoskorra, eta abiatutako ekimenak bukatu nahi ditut.
Nola definituko zenuke Urnieta? eta urnietarrak?
Etorkizuneko oso aukera ona daukan herria bezala definitu nahiko nuke. 1986an herri beri bat sortu zen, Oriako eremua Lasarte bilakatu zenean. Herriaren bi heren galdu genituen, 4.500 biztanlerekin. 2000ko hamarkadan hazkundea izan genuen eta orain berriro garatzeko aukera handiak ditugu. Egin nahi ditugun garapen berriekin Urnietako bizitza kalitatea hobetzeko aukera handiak daude.
Urnieta eremu jeltzalea dirudi, hauteskundez hauteskunde erakusten ari den indarrarekin.
Azken hauteskunde hauetan EAJk bozka asko lortu ditu, baina historikoki ez da beti horrela izan. EAJ-PNV eta alderdi abertzaleak hauteskunde batzuetan besteetan baino hobeto aritu dira. Urnieta herri anitza da eta hauteskundeen arabera botoak batera edo bestera joaten dira.
Lantaldea aurkeztuko zenuke, bereziki berriak?
Hautes-zerrendan hirugarren doa Luke Goñi. Erizaintza eta antropologia ikasitakoa da. Erizain eskolan irakasle da, eta odol-emaileekin ari da. Hamabost urte darama Urnietan bizitzen, eta Gizarte Zerbitzuen alorra ondo ezagutzen du. Oso pertsona aktiboa da.
Laugarren doana Agurtzane Mercader da. Zuatzu industrigunean informatika enpresa batean ari da lanean. Udal antolaketa talderako egokia izan daiteke. Herriko hainbat elkarteetako kide da.
Seigarren doa Mikel Artola, 25 urtek gaztea. Irakasle da Irungo La Salle ikastetxean, eta txarangako eta Bosko Anitz aisialdi taldeko kidea da. Bere ezagutza dagozkion alorretan eskainiko du.
Agintaldia amaitzen ari da eta zeu aktore nagusietakoa zara. Nola baloratzen duzu 2015-2019 agintaldia?
Interesgarria izan da, bitartekotza berrien bidez herritarrekin harremanak areagotu direlako. Herritarrak ez dira lau urtean behin bakarrik erabakigarriak, urtez urte herrian hartu behar diren erabaki garrantzitsuenetarako ere herritarren ahotsa entzun beharra dago. Bide bat egiten ari gara, oso bide interesgarria.
Hauteskunde programari dagokionez, zeintzu dira proposatzen dituzun neurri garrantzitsuenak?
Laster etxez etxe banatuko dugun programan, departamenduz departamendu, hainbat proposamen ageri dira. Herrian gehien eskatzen den zerbitzuetakoa haur parke estalia da. Horri ekingo diogu, baina parte hartze prozesu baten bidez. Herritarrei erabakitzeko aukera emango zaie.
Gizarte Zerbitzuei begira, azpiegitura mailako egitasmoak. Aldundiarekin batera nagusientzako egoitza berria Urnietan kokatzea. Eta baita Denda Berriren goitik beherako eraberritzea. Kanpoaldea berritzen aurten hasiko gara, baina baita barrualdea ere. Espazio horretan elkarteen etxea joango da eta, ahal izanez gero, Euskaltegiarentzat gela egokiak prestatu nahi ditugu.
Abian jarritako egitasmoak bukatu nahi ditugu: Kiroldegi berria, derrigorrez. Kudeaketa mailan, Jaurlaritzarekin batera, DBHko eraikin publiko berria garatzea. Eta horrez gain Babiloniko eta Ermotegiko garapen urbanistikoak. Eta ez bakarrik gazteak bertan geratzeko, baizik eta etxea irisgarri izan nahi duten adinekoei begira ere.
Zein da zuen aurreikuspena maiatzaren 26rako?
Borroka modukoa izan da, eta bi alderdi aipatuko nituzke: Eusko Alderdi Jeltzaleak aurkezten duena eta EH Bilduk aurkezten duena. Bozka gehienak bi alderdi horietara joango dira. Duela lau urteko emaitza errepikatzea zaila da, baina gustatuko litzaiguke ahalik eta gertuen egotea.
Akordio politikoei dagokionez, maiatzaren 27tik aurrera zerbait uarreratu daiteke?
Aldez aurretik ez dago ezer hitz eginda, guk ez dugu inorekin hitz egin. Orain arte erakutsi dugun bezala, guztiekin hitz egiteko prest gaude. Baina programen inguruan, eta hor topatu gaitezke EH Bilduk edota PSE-EEk egindako proposamenekin. Akordio programatikoak izan beharko lukete.