Pleno aretoa jendez gainezka zegoela, 2019-2023 agintaldiari hasiera eman diote gaurkoan. Giro onean igaro da, eta keinu asko egiteko tartea izan da. Lehenik eta behin, joan diren zinegotziei agur esateko. Eta, bide batez, datozen berriei ongietorria emateko. Txistulariek eta dantzariek girotu dute, gainera, kargua hartzeko ekitaldia. Adierazpenak egiteko tartean, Mikel Pagolak hitz bereziak eskaini dizkie bere etxekoei. Zehazki, bere amari, alabei eta emazteari. Gainerakoan, zinegotzi guztiei hartu duten konpromisoagatik esker ona adierazi die.
Ainara De Miguelek garapenaren aldeko mintzaldia prestatu du, eta berdintasunaren, hizkuntzaren eta herria bizitzearen aldeko mezu zuzenak txertatuz.
Herme Gonzalezek bere hautagaitza erretiratu du, EAJ-PNV eta PSE-EE alderdien arteko hitzarmenari men eginez. Zorrotz hitz egin du, baina eskua zabalik.
Mikel Pagolak Urnietaren erronka nagusiak azaldu ditu, eta dagoeneko bere ardurapean izango diren zinegotzien erantzukizunak aurreratu ditu.
Taldeko argazkia ateraz amaitu da kargua hartzeko ekitaldia.