2019ko udal hauteskundeak

"Oposizioa egiten geu izan gara bakarrak"

Jon Ander Ubeda 2019ko eka. 13a, 07:43

Etxebizitza politika aurrera eramatea lehentasunezkoa izango dela aurreratu du, ekainaren 15ean hasiko den agintaldi berrian. Kritika zorrotza egiten dio EAJ-PNVri.

HERME GONZALEZ URNIETAKO PSE-EEKO BOZERAMAILEA

2015eko eta 2019ko emaitzak ikusita, argazki beretsua irudikatu da. Zein da egiten duzuen balorazioa?

Lehenik eta behin, zure baimenarekin, eskerrak eman nahi dizkiet gure aldeko botoa eman zuten 483 urnietarrei. Aurrekoan baino 100 boto gehiago lortu ditugu. Ez da gure helburua lortu, EAJ-PNVri gehiengo osoa kentzea, eta beraz egoera beretsuan jarraituko dugu. Xehetasun batzuk badaude, baina gutxi. Mikel Pagolak argi adierazi du lau urte gehiago nahi zituela, bukatu gabekoa burutu ahal izateko. Eta, tira, hasi ere egin gabeko gauzez ari da. Kiroldegia, esaterako. Penaz ikusten dugu egoera, ez baita ezer aldatuko. Ez da agintaldi berria izango, aurrekoaren jarraipena baizik.

Kargu hartze ekitaldira bitarte dauden hiru aste hauetan elkartu al zarete?

Gaurko egunez –ekainak 7–, ez da deirik izan. Bakarra, kargu hartze ekitaldian adinekoen mahaian izango naizela adierazteko. Horretarako deitu gaituzte, ez beste ezertarako. Ulertzen dut gehiengo osoa dutela, baina bestalde ulergaitza da ordezkaritza duten beste bi alderdiei ez deitzea. Guk geuk ere herria ordezkatuko baitugu.

Bi zinegotzi zarete, PSE-EE ordezkatuz. Udalgintzan ibilbide luzea egin duzue, biek ere. Agintaldi hasieran zein ildo hartuko duzuen erabakita al duzue?

Proposamenez beteriko programarekin aurkeztu gara. Eta hori defendatzera goaz. Ez dira ideia finkoak, malgutasuna egon daiteke. Gure ideien inguruan negoziatzeko prest gaude, baina lehen asmoa gure hauteskunde programa aurrera eramatea da.

Gobernu taldeak proposatu eta egoki ikusten duguna babestuko dugu, baina zail ikusten dut. Egia da programa politikoek antza badutela. Baina gakoa egitasmo horien garapenean dago. Denek egin nahi dute kiroldegia, baina irizpideak alderdi batetik bestera asko aldatzen dira. Argi esanda, kiroldegiaren berrikuntza proposatzen ari dira. Baina gure proposamena guztiz ezberdina da. Ez gaude kiroldegia berritzearen aurka, baizik eta beste alderdi batek planteatzen duen proposamenaren aurka. Gure ustean, aurrera eraman nahi den egitasmoa akats larria da.

Mikel Pagolari eta EAJ-PNVri buruzko iritzia maiz agertu duzu. Eta zein iritzi duzu Ainara de Migueli eta EH Bilduri buruz?

Harreman ona dugu, nahiz eta denbora gutxi da elkar ezagutzen dugula. Udalgintzan berriak dira, baina duela zortzi urteko lantaldearekin ere harreman ona izan genuen. Zain gaude, ikusteko dago zer proposatzen duten. Azken lau urteetan erakutsi dutena ez errepikatzea espero dut. Zeren eta azken lau urteotan oposizioa egin dugunak gu izan garela iruditzen zait. Bi zinegotzirekin bakarrik egin da oposizioa, eurek ia proposamen guztiei baiezkoarekin erantzuten zietelako. 

EH Bilduren aldetik kritika eta oposizio lan gehiago egitea espero dut.

Kanpainan auzoen arteko ezberdintasunak hizpide izan zenituen. Hori izango al da zuen iparrorratza?

Gure aldarrikapen nagusia etxebizitza izango da. Hori bideratuta, gainerakoa iritsiko da. Kanpainan esan nuen 2017an Urnietako 100 gazte joan zitzaizkigula. Hori tragedia bat da Urnietarentzat. Jaiotze-tasaren beherakada ekarriko duelako, gazteek alde egiten dutelako eta gizartea zahartu egiten delako...

Guretzat gai hori garrantzia handikoa da. 

Eta, bestalde, kiroldegiaren egitasmoa bideratuta dago. Baina guk igerileku itxia aldarrikatzen jarraituko dugu. Kalean antzematen dugun eskaera da.

Auzoak, noski, ez dira bazterrean utzi behar. Ahanzturan utzitako auzoak biziberritzea gure hauteskunde programan dago. Adibidez, Urraka, Txoritagain, Zabaleta... Auzune
horietan utzikeria nabaritzen da.

Ekainaren 15eko kargu hartze ekitaldian zein izango da zuen botoa?

Gure hautagaitzaren alde egingo dugu, gure botu-emaileei hori zor diogulako.

Hortik aurrera, kortesiazko ehun egun emango dizkiogu gobernu talde berriari. Zain egongo gara, egia esan, ez dugu asko espero alkatea pertsona berdina izango baita. Ikustear dago aktore berriek zein ekarpen egingo duten.

Gogoan izan nahi dugu bake eta bizikidetza mahaitik kanpo jarraitzen dugula. Eta hori udalgintzaren islada dela esango nuke. Ez dakigu hori aldatuko den, ez dugu uste.

Abiapuntu egokia izan daiteke hiru alderdiak bake eta bizikidetza mahaian egoten saiatzea?

Ez dut uste saiakera kontua denik. Moralki ezinbestekoa dela deritzot. Bake eta bizikidetza plana abian jarri zenean, 2011-2015 agintaldian, Bilduk ez zuen sartu nahi izan. Gu geu izan ginen, alderdi sozialistako kideok, edo denok edo inor ez adierazi genuena. Desberdintasunak desberdintasun, normalkuntzaren bidean denok egon behar genuela argi genuen. Gizartearen aurrean irudi hori ematea garrantzitsua zen. Lan hori ez zuen alkateak egin, neronek deitu nien Bildukoei. Neronek animatu nituen bake eta bizikidetza mahaian sartzera. Denborarekin mahai horrek izan duen garapena maiz azaldu dugu.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!