Nahikari Garcia eta Mikel Iturria omenduko dituzte Andoainen, larunbat honetan

Jon Ander Ubeda 2019ko ira. 20a, 10:30

"Mugi Andoain!" ospakizunaren baitan, eguerdiko  12:00tatik aurrera Zumea plazan hasiko den ekitaldian Urnietako bi kirolariei gorazarre egingo diete. Iturria txirrindulariak Andoaingo eskolan eman zituen lehen pausoak. Garcia futbolariak Andoain du bizitoki, gaur egun.

Bi urnietarrek Andoainen omenaldia jasoko dute. Biak, gainera, kirolariak. Profesional mailan hain zaila den arrakasta probatu dute biek ala biek, sekula ahaztuko ez duten 2019. urtean. Iturriak irailean garaipen ikusgarria lortu zuen Espainiako Vueltan, mundu mailako Pro Tour lasterketan. Garciak Errealarekin Kopa irabazi eta Munduko txapelketan jokatu du.

Andoainen eta Urnietan, bi herrietan dira maitatuak. Mikel Iturriari, esaterako, gaur omenaldia egingo diote 18:00tatik aurrera San Juan plazan. Eta bihar 12:00tan Zumea plazan.

Nahikari Garcia biharko Andoaingo omenaldiaren bigarren protagonista izango da. Eta, laster, Urnietan omenaldi berria jasoko du. Gabirondo segalariarekin batera jaien hasierako pregoia eta txupinazoa botako baitute.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!