Jokin Lizeaga, Julen Gabirondo, Nahikari Garcia, Mikel Iturria... Urnietak urrezko aroa bizi du, goi mailako kirolariei dagokionez. Kirolari saiatuak dira guztiak, bakoitza berean goi mailan dabilena. Eta behin baino gehiagotan poz handia emandakoak, herriari eta euskal zalegoari.
Gabirondo segalaria onenen artean dabil. Iaz abuztuan lortu zuen Euskal Herriko txapelketa ez du sekula ahaztuko. Asteasuko sailetan gailendu zen, eta emozioari eutsi ezinik izan zen. Hil berria baitzen Mikel Garaialde auzotarra eta laguna. Merezitako aitortza jasoko du, aurtengo jaietan.
Nahikari Garcia futbolaria oso gaztea da, baina dagoeneko elitean eskarmentu handia du. Errealeko ikurretakoa da, eta Espainiako selekzioan lekua hartu du. Aurreko denboraldia gogoangarria izan da, Erreginaren Kopa lortu eta gero Frantzian antolatu den Munduko txapelketan jokatu baitu.