Eguraldi ona lagun izan dugu festek iraun duten egunetan eta horrek ekitaldi guztiak normaltasunez ospatzea ahalbidetu du. Ostiral gauean Sarobera mugitu zen umorezko antzerkiaren lekua besterik ez da aldatu behar izan. Dena den, jende dezente gerturatu zen antzerki hori ikustera.
Bestalde, azpimarratu egin behar da herritarrek izan duten parte hartze handia bai Udalak eta baita, elkarteek antolaturiko ekintzetan ere.
Txupinazoa jaurtitzeko momentua oso berezia eta hunkigarria izan zen Nahikari Garciaren eta Julen Gabirondoren hitzekin. Horren ondoren, Urnietako kaleak kolorez eta alaitasunez bete dituzten ekintzei hasiera eman zitzaien. Horietako batzuetan jende andana bildu da, tortilla lehiaketan esaterako, non adin guztietako pertsonek parte hartu zuten. Txosnetan ere giro paregabe batez gozatu da, batez ere ostiral gauean, jende mordoa gerturatu baitzen kontzertuak ikustera.
Jai Batzordeak antolaturiko paella jatea ere guztiz arrakastatsua izan zen antolaketa bikain bati esker. 200 pertsona izan ziren bertan. Larunbat arratsaldean Parkour ikuskizunak ikusmin handia sortu zuen eta jende asko gerturatu zen barbakoa postura. Beraiei esker giro ederra sortu zen San Joan plazaren inguruan.
Nabarmentzekoa halaber, London orkestraren emanaldia, plaza betetzea eta gazteak zein helduak dantzan jartzea lortu baitzuen. Beste mota bateko musika entzun zen danborradei esker. Aurten gainera, Jose Ignazio Ansorenak konposaturiko doinu berri bat entzuteko parada izan da. Gero eta jende gehiago batzen duen Kantazaun kantujirak ere herriko kaleak alaitu zituen.
Umeentzako eta gazteentzako ekintzei dagokienean, oso ondo pasa zuten Urnieta Selfie proban. Baita Holi Fest-en ere. Egape ikastolan jarritako joko eta puzgarrietan ere gustura ibili ziren eta Nicolas Agudo eta Carla Montero alkate txikiek arduraz zuzendu zuten herria. Hunkigarria izan zen Zaldundegiko ahizpei eskaini zitzaien omenaldia ere. Horrekin guztiarekin, antolaturiko ekintzen gainean egiten den balorazioa oso positiboa da.
Halere, ostiral eta larunbat gauen izandako liskarrek okertu egiten dute zertxobait ikuspegi positibo hori. Izan ere, gazte batzuek ez dute ulertu Udaletik festen atarian bidali zen mezua, alkoholaren kontsumo arduratsu bat bultzatuz, besteekiko errespetua eskatuz eta indarkeriak lekurik ez duela eduki behar argi utziz.
Udaletik argi utzi nahi dugu ez dugula onartzen indarkeriarekin loturiko jarrerarik. Horrelako egoerak berriro ez gertatzea eta Urnietan giro ona eta errespetua nagusitzea espero dugu, ekintza gehienetan gertatu den moduan.