Sanmielak 2019

Jalgi Plazara jaia, Aurrera Gure Ametsaren hogeigarren urteurrenean

Xabier Lasa 2019ko urr. 6a, 08:36

Igande honetan Urnietako dantza taldeak Jalgi Plazara jaialdiaren edizio berria antolatuko du, hogeigarren urteurrenarekin bat eginez. Urteurrena borobiltzeko, Xabier Solano Esne Beltzako kantariak emanaldi berezia eskainiko du Egape ikastolako jolastoki estalian.

Idoia Gorroño Belaunzaran taldeko Batzorde kideak eta Garazi Ramirez Manero dantzariak eman dizkigute azalpenak ospakizunaren inguruan.

Urriaren 6an, Errosarioaren Amaren Ohorezko jai egunari begira, hainbat ekitaldi antolatu duzue.

Idoia Gorroño. XVIII. Jalgi Plazara festa, bazkari herrikoia eta Xabier Solanoren kontzertua osatu ditugu, Udalak antolatzen dituen gainerako ekitaldiekin bat eginez. Horrela, goizean, 10:00etan beste herrietako dantza taldeei harrera eskainiko zaie, eta guztiak kalejiran abiatuko gara 10:30etatik aurrera; ziurtatuta dago Biasteri, Tolosa eta Hernaniko dantza taldeen presentzia. Ondoren San Juan plazan bildu berriro, eta Ingurutxoari eta plaza dantzei ekingo diogu, 12:00etatik aurrera. Eta bien bitartean, San Migel elizan egingo den mezan, gure taldeko hiru dantzarik ezpata-dantza dantzatuko dute; aurreneko aldia izango da ohitura hori egiten dela Urnietan, eta etorkizunean segida izatea nahi genuke.

Ilunabarrean, azkenik, Xabi Solano helduko zaigu. Urnietako jaietan, orohar, trikitixa-hotsaren falta sumatzen dugu, eta Solanok egin dezakeen ekarpena egokia iruditu zaigu. Instrumentu tradizionala erabiliz, Solanok ederki asko uztartzen ditu pieza tradizionalak eta modernoak.

Dantzari ohiei deialdi berezia luzatu diezue.

I.G.:Makina bat urnietar igaro da gure taldetik, hogei urtetan zehar. Une aproposa iruditu zaigu guztiak elkartzea, urteurrenaren aitzakiatan. Plaza dantzak zein bazkaria arrazoi politak izan daitezke aspaldiko lagunak berriro biltzeko, eta taldearen historia balioan jartzeko. Plazan erraz egiteko dantzak nagusituko dira: Ingurutxoa, Zazpi jauzi, Lantzeko inauteriak, Txulalai...

Garazi Ramirez: Horretarako, entsegu irekiak antolatu ditugu Saroben, ostegunetan. Hiru izango dira guztira, irailaren 19 eta 26an, eta azken datorren urriaren 3an. Bazkaria, berriz, paella jatea izango da, 10 eurotan. Baserritarren eguna da, eta bertaratzen direnei baserritarrez jantzita azaltzeko gonbidapena luzatu diegu.

Hurrengo asteetan ere jarraipena izango dute zuek antolatutako kultur eskaintzk.

I.G.: 135 musika tresnen erakusketa irekiko da, azaroaren 11tik 17ra bitarte. Oiartzunen Juan Mari Beltranek sortu duen Soinuenea museoko piezak erakusgai jarriko dira. Erakusketak irauten duen bitartean, bisita gidatuak antolatuko dira, ikastetxeekin zein herritarrekin. Azaroan, berriz, zenbait musikagile ezagunek kontzertua eskainiko dute San Migel elizan. Alazne Maneroren omenezkoa izango da.

Alazne Manero pertsona eragilea izan duzue Aurrera Gure Ametsa taldean.

I.G.: Bai, taldearen sortzailetakoa izan zen, eta ez zen izan edonor. Taldearen arima izan zela esan daiteke. Ideien sortzailea, ekintzailea, eragilea, konstantzia handikoa..., Pasioz bizi zuen dantza taldearen dinamika, eta haren hutsunea izugarri nabaritzen ari gara.

G.R.: Maite zituen euskal kultura eta tradizioa. Etxekoek ondo ezagutzen genituen bere joan-etorriak, honekin eta harekin harremanak, bilerak..., Harrigarria da zenbat ordu eskaini zizkion dantza taldeari! Buruari etengabe eragiten ziona zen, dantzaren mesedetan.

Esate batera, halako batean ohartu zen txistularien eta dultzainen falta genuela taldean, eta bi instrumentuekin tematu zen, biak jotzen ikasi zuen arte.

Orain 20 urte, 1999an sortu zen dantza taldea. Ze behar ikusi zen orduan?

I.G.: Euskal dantzen alderdi tradizionalari eusteko premia ikusten zuten taldea osatu zuten sustatzaileek. Jantzitegia, soinua, dantza mota... euskal folklorea aberatsa izanagatik, plazan bizitasuna eman ezean, galtzen joan zitekeela pentsatzen zuten. Sortzaileek argi zeukaten betiko euskal dantzak plazara eraman behar direla, saiatu behar dela herrikoiak bihurtzen, eta herriko edonork plazan dantza egin dezan erraztasunak ipini. Alde horretatik, gure taldea ez da goi mailako teknika lortzeko tematzen; estilismoaren eta perfekzioaren gainetik, euskal dantzak ahalik eta jende gehiagorengana iristea da gure helburua. Izan ere, ondo dago tradizioan oinarritutako dantzekin koreografia berriak sortzea, baina bide horrek ez du errazten Euskal Herriko edozein plazatan dantzari iaioak ez diren herritarrek dantza egitea.

G.R.: Horrexegatik ematen diegu hainbesteko garrantzia herri erromeriei eta Jalgi Plazara ekimenari. Filosofia horri tiraka, adin guztietako pertsonak plazara erakartzea bultzatzen dugu, lotsak eta erreparoak uxatuta; haurrak eta helduak plazan elkarrekin dantzan ikustea baino gauza politagorik ez dago.

Zein da taldearen egungo egoera?

I.G.: Hiru taldek osatzen dute Aurrera Gure Ametsa, gaur egun: haurren taldea (7-10 urte bitartekoak), gazteen taldea (16-22 urte bitartekoak) eta gurasoen taldea. Haurren taldea dabil indartsuen, une honetan. Baina Euskal Herriko talde gehienen antzera gabiltza: dantzarien faltan. Eta batik bat, mutilak erakarri ezinik. Hauxe da errealitatea: txikitatik dantzan hasi diren gazteei, askotan, 15 urtera edo lehenago iritsi orduko lehentasunak aldatzen joaten zaizkie eta dantza uzten hasten dira. Argi dago gaurko gazteok makina bat eskaintza dauzkagula eskura, eta dantza ez da geure lehentasunetan sartzen. Urnietan herri kirolak, eta batik bat eskubaloiak eta futbolak indar handia dauka, eta hortik jotzen dute gazte gehienek.  Kirola eta dantza, osagarri izan daitezke gazte baten aisialdi denboran, baina ez da horrela ikusten...

G.R: Iruditzen zaigu baliabideak jarri beharko liratekeela Euskal Herriko gazteek euskal dantzen oinarri-oinarrizko pausoak txiki-txikitatik behintzat jakin zitzaten; arin-arin eta fandangoak plazan itxuraz egiteko moduan, behintzat.

Zein da taldearen dinamika urtean zehar?

Ekitaldiak nahiko definituta dauzkagu urtero, nahiz eta urteurrena dela eta aurtengoa betiko eskematik atera. San Migel jaien inguruan, urtean behin, estatuko dantza talde batekin trukaketa egiten dugu; gu haiengana joaten gara eta haiek etortzen direnean, Saroben eta San Juan plazan ekitaldi bana antolatzen dugu. Maiatzean Azkorteko elizan eta San Juan plazan erromeria bana antolatzen dugu, galtzen ari den erromerien usadioa hauspotzeko asmoz.

Irteera bereziak egiten ditugu, Euskal Herriko dantza taldeek gonbidatzen gaituzten alditan.

Zuek zergatik murgildu zineten dantzaren munduan? Zer eman dizue dantzak urte hauetan?

G.R.: Nire bi ahizpa zaharragoak, Oihane eta Iratxe, txiki-txikitatik hasi ziren dantzan amarekin, eta neuk modu natural batean segi nuen hain bidea. Ez nuke jakingo azaltzen zergatik erabaki nuen hastea, eta zergatik jarraitu dudan. Dakidana da beti izan dudala gogoko. Saioen aurreko urduritasuna eta tentsioa, jendaurrean dantza egitea..., hitzez adieraz ezin daitezkeen sentsazio gozoak dira. Gainera, ikaragarria izaten da dantzarien artean sortzen den giroa, harreman estua... Oraindik ere, erromeria bat aurrean jarri orduko, gorputza mugimenduan jartzen zait, ezin dut ekidin.

I.G.: Nire kasuan, lagunek eraman ninduten dantzara, izan ere, zortzi bat urte nituela edo.eskolako lagunei entzuten nien nola joaten ziren asteburuetan ez dakit zein herrietara dantza egitera, eta nola disfrutatzen zuten. Haien atzetik joan nintzen,  eta hartutako erabakiaz ez naiz batere damutu geroztik. Gero, nire atzetik Eli eta Olatz ahizpak arrimatu ziren dantzara, eta baita ama ere. 

Guraso zein helduen irakaslea izatea egokitu izan zait eta oso bizipen aberatsa suertatu zait. Horrek giza harremanen arloan asko ikastea ahalbideratu dit.

Erlazionatuak

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!